Garaipen bat gripearen aurkako borrokan
2001/02/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Birusek berez ez daukate biderkatzeko gaitasunik, baina zelularen barnera sartu eta horren nukleoa erabiltzen dute birus berriak sortzeko. Birus berri horiek zelula ostalaria utzi eta beste zelula batzuk kutsatzen dituzte, ugaritu eta gorputzean zehar hedatzen dira. Gripearen birusek ere horrela jokatzen dute, hain ezagunak diren sintomak sortuz. Gripearen birusen eraginez kinasa izeneko entzima-talde zehatz bat aktibatzen zela ikusi zuten Alemaniako ikerlariek. Kinasek zelulako beste proteinei fosfato-molekulak itsasten dizkie eta, horrela, funtzioa aldatzen diete.
Gripearen birusek, biderkatu ahal izateko, entzima horietako batzuk erabiltzen zituztela jakinik, ikerlariek Raf kinasa inhibitu zuten. Hala ere, ez zuten birusa ugaltzea eragotzi, baina bai zelulatik kanpora irtetea. Beraz, gripearen birusak ezin ziren gorputz osoan zabaldu.
Alabaina, kinasek zelula osasuntsuetan ere oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte, adibidez, zelulen zatiketa kontrolatzen dute. Hori dela eta, Raf kinasaren inhibitzaileak gripearen aurkako sendagai moduan erabiltzea posible izan baino lehen, kutsatutako zeluletan soilik izango dutela eragina ziurtatu behar dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia