}

Gamelu-gazta goseari aurre egiteko

2001/10/28 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Lurreko herrialde lehorrenetan gizakiak betidanik erabili izan ditu gameluak nekazaritzako beharretarako eta garraio-lanetarako, pertsonak zein gauzak eramateko. Baina gameluak garraiatzeko baino askoz ere gehiagorako balio du.

Gamelu-ilearekin alfonbrak egiten dira, eguraldiaren erasoetatik babesteko dendak eta arropak; gamelu-gorotza erregaitarako erabiltzen da; gamelu-larruarekin ura edukitzeko zahagiak egiten dira; eta gamelu-haragia zein gamelu-esnea lurra landuta elikagaiak lortzea oso zaila den tokietako elikaduraren osagarri bikainak dira.

Bikaintasunak bikaintasun, gamelu-haragia eta, batez ere, gamelu-esnea nekez gorde daitezke denbora askoan, beroaren ondorioz alferrik galtzen direlako. Gamelu-esnearen kasuan, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) egindako lanari esker, arazoa nolabait konpondu ahal izango dute. Nola? Esnea gazta bihurtuta.

Landare gatzagiaz eta kaltzio fosfatoz mamitzen da gamelu esnea.

Gamelu-esnea oso gozoa ei da edateko, eta gameluak dauden tokian horrela hartzen dute, baina gazta bihurtzea ez da hain erraza, mamitzea asko kostatzen baitzaio.

Oinarrian, gazta egiteko esnea mamitu egin behar izaten da, gero gatzatua eta gazura lortzeko. Gazta prestatzeko metodo berriek prozesu hori bizkortzea lortu dute. Horretarako, esneari hartzigarria —azido laktikoa ekoizteko gai den kultiboa— eta gatzagia gehitzen dizkiote. Horrela, likidoen eta solidoen bereizketa bizkorrago gertatzen da.

"Behi-esnearekin, ahuntz-esnearekin edo yak-esnearekin gazta egitea erraza da —dio Jean-Claude Lambert-ek, FAOko esneki-gaietan adituak—, teknologia guztia dugu horretarako. Baina gamelu-esnearekin gauzak aldatu egiten dira, ohiko gatzagiarekin ez delako mamitzen. Duela 5-6 urte inork ez zuen uste gamelu-gazta lor zitekeenik, baina orain egiteko moduan gaude".

Basamortuan bizi direnentzat ezinbestekoak dira gameluak.

Lambert-ek berak, FAOren enkarguz, sei urte eman ditu Tunisian eta Saudi Arabian ikerketak eta esperimentuak egiten. FAOko adituaren lanaren emaitza gamelu-gazta egiteko modua izan da, "esneari kaltzio fosfatoa eta landare-gatzagia gehituta".

Claude Lambert-ek adierazi duenez, aurkikuntzak garrantzi handia du, gaur egun jasotzen den gamelu-esnearen erdia inguru bota egiten delako. Antza, hainbat kulturatan esne freskoa besterik ez dute atsegin. Bistakoa denez, gazta eginez gero, esnea kontserbatu ahal izango litzateke eta gazta bera saltzeko aukera ere egongo litzateke.

Eta praktikan zer?

Esnea bere horretan edaten dute hainbat herritan, ez dute gazta egiteko ohiturarik.

Lan teorikoa arrakastaz burutu eta gero, FAOk praktikan jartzeko ahaleginak ere egin ditu. Duela urte batzuk Mauritaniako esnetegi batean gamelu-gazta egiteko sistema jarri zuen abian. Esnetegiari laguntza teknikoa eta gazta egin ahal izateko beharrezko tresnak eman zizkion. Bi gazta-mota egin ziren eta salgai jarri, baina ez zen bezeroen erantzun onik lortu. "Mauritaniako jendeak ez dauka gazta jateko ohiturarik —dio Nancy Abeiderrahmane, esnetegiko jabeak— eta merke-merkea ere ez denez, ez genuen asko saldu.

Dena den, gazta egitearen helburua soberan geratzen zen esneari etekina ateratzea zen; hortaz, esnea esportatzen hastea erabaki genuen". Arazo administratiboekin egin zuten topo, nazioarteko araudietan ez baitago gamelu-gazta aztertzeko prozedurarik. Horrek merkatua mugatzen zuenez, esnetegian gazta egiteari utzi egin zioten.

Lanerako laguntzalea ona eta garraiobide erosoa da gamelua.

Duela bi urteko kontuak dira horiek, Abeiderrahmane andreak ez duelako etsitzeko asmorik. Bere esnetegian egunero 13.000 litro gamelu- behi- eta ahuntz-esne ekoizten ditu, 800 hornitzaile inguru ditu, eta berriro ere gamelu-gazta egiten hasi da. Mauritaniako hiriburuan, Nuakchott-en, egunero saltzen du gamelu-gazta. "Orain gazta-mota bakarra egiten ari gara. Ez da erraz egiten, etekina nekez ateratzen diogu eta ia ez dugu merkaturik, baina bikaina da. Gainera gamelu-gaztak bitamina ugari ditu eta kolesterol eta laktosa gutxi, horregatik esnekiei alergia dion jendearentzat ere ona da".

Urratsa txikia bada ere, etorkizuna oparoa izan daiteke. Izan ere, iaztik hona gamelu esnea mamitzeko prozesua erraztu egin da. Guztia camifloc izeneko produktuari esker. FAOk atera du camifloc-a, gamelu-esnea mamitzeko biltzen diren substantziekin egindako produktua. Produktu hori pakete txikietan banatzen ari dira eta dagoeneko Mauritaniatik kanpo ateratzea ere lortu dute, Malira eta Arabiar Emirerri Batuetara. "Duela gutxi —dio Lambert-ek— Nigerren egin dugu proba. Bi egun pasa ditugu gazta nola egin irakasten eta denbora horretan gauza izan dira produzitzen hasteko". FAOko adituaren iritziz, gamelu-gazta egiteko teknika hedatzea lortzen bada, herri nomadak hobeto bizi ahal izango dira.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia