Galileo nabigazio-sistema martxan jartzeko adostasuna, azkenean
2003/05/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Galileo nabigazio-sistema eraiki ahal izateko 3.200-3.400 milioi euro behar izango dira, baina ordaindutako zerbitzua izango denez, urtean 10.000 milioiko merkatua zabalduko duela iragarri dute adituek. Ondorioz, proiektuan parte hartuko duten estatuen artean eztabaida biziak egon dira tarta banatzeko orduan. Urtebete baino gehiago behar izan dute akordioa ixteko, Europako Batasuneko garraio-ministroek 2002ko martxoan eman baitzioten baietza proiektuari.
Azkenean, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Italiak bereganatu dute tartaren zatirik handiena, % 17,3 inguru bakoitzak. Espainiak, berriz, % 10-12ko parte-hartzea lortu du, hasieran eskainitakoa baino gehiago. Galileo gaur egungo GPS sistema estatubatuar ezagunaren antzekoa izango da, baina, dirudienez, zehatzagoa. GPSak sei metroko zehaztasuna du eta sistema berriak 2 metrokoa izango du. Sistema 23.626 km-ko orbitan eta ekuatorearekiko 56º-ko angeluan munduari biraka ibiliko diren 30 satelitez osatuta dago. 30 satelite horietatik 27 operazionalak izango dira eta beste 3 erreserban edukiko dituzte. Horrez gain, Europan sateliteen funtzionamendua eta nabigazio-sistema kontrolatuko dituzten bi kontrol-zentro egongo dira.
Informazio osagarria:
Europa Estatu Batuen orbitatik libre
Independentziarako Galileo
Galileo becomes a reality for Europe
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia