}

Galileo, kinka larrian

2007/12/09 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Tresna-mota bati baino gehiagori deitzen zaio GPS, hala nola nabigaziorako, gidatzeko, geodesiarako eta nekazaritzarako erabiltzen diren gailuei. Horietako bakoitzak gauza baterako balio du, baina denek dute oinarri bera: satelite bidezko posizionatze-sistema baten mendekoak dira.
GPS tresnak Estatu Batuetako Defentsarako Departamentuaren mendekoak dira.

Izatez, GPS hitzak Estatu Batuetako Defentsarako Departamentuak sortutako satelite bidezko posizionatze-sistemaren siglak dira (Global Positioning System). Eta mundu osoan erabiltzen diren 'GPS' tresna gehienek sistema horren seinaleak jasotzen dituzte. 2000. urtera arte, segurtasun-kontuak zirela eta, sateliteek adierazten zituzten posizioak manipulatu egiten zituen Estatu Batuetako Defentsarako Departamentuak, eta erabiltzaileek metro batzuetako errorearekin jasotzen zituen kokapen-datuak. 2000. urtean, errore hori ezabatu egin zuten, baina inoiz Estatu Batuek berriz ezartzea erabakiko balute, aurreko egoerara itzuliko ginateke.

Mendekotasun horretatik askatu nahian, Europako Batasunak bere satelite bidezko posizionatze-sistema eratzeko proiektua du eskuartean: Galileo. Proiektua egon, badago, baina errealitate bihurtzeko arazoak pilatzen ari dira, bata bestearen atzetik.

Hogeita hamar satelitez eratutako sare bat izateko asmoa du Galileo proiektuak. (Argazkia: ESA)

Asmo handiko proiektua

Proiektua diseinatu zutenean, hainbat aurreikuspen egin zituzten: hogeita hamar satelitez eratutako sare bat izatea, GPS sistemak baino datu zehatzagoak ematea — akats-tartea metro batetik beherakoa izatea —, 2010. urterako martxan egotea, eta kostua 3.400 milioi eurokoa izatea, gutxi gorabehera.

Proiektua aurrera eramateko konpromisoa hainbat erakundek hartu zuten, Europako Batasunaz gainera: batetik, ESAk (Europako Espazio Agentziak), eta, bestetik, zenbait enpresa aeroespazial eta telekomunikazio-enpresa pribatuk. Proiektuaren gastu guztia (bai sateliteak egitea eta jaurtitzea, bai espazioan dauden bitartean mantentze-lanak egitea, eta bai Lurrean sateliteek bidaltzen dituzten seinaleak jasotzeko estazioak egitea) nola banatu adosteko hitz egiten ere hasi ziren, alegia, adosteko zer zati ordainduko zuen Europako Batasunak eta zer zati sektore pribatuak. Baina ez zuten ezer garbirik hitzartu.

Eta proiektua abian jarri zuten. 2005eko abenduaren 28an (inozenteen egunean; seinale bat ote zen?), lehenengo satelitea jaurti zuten: Giove-A. Proba gisa bidali zuten, gainerako sateliteek zer teknologia beharko zuten jakiteko.

Proiektuaren lehenengo satelitea jaurti zuten, eta hortik aurrerako lan guztiak gelditu egin ziren. (Argazkia: ESA)

Lehenengo hura garaiz bidali zuten; baina, hortik aurrera, proiektua gelditu egin zen. Eta hala jarraitzen du oraindik ere, jaurtiketa hori egin eta bi urtera. Honezkero, beste satelite batek egon beharko luke orbitan, eta, oraingoz ,ez dute jaurti, arazo teknikoak omen dituelako. Gainera, Galileok izango omen dituen hogeita hamar sateliteetatik lau egitea baino ez dute agindu.

Arazo teknikoez gainera, diru-arazoak ere badituzte. Sektore pribatua eratzen duten enpresek ez dute lortu negoziatzeko eskaintza bateratu bat adostea, eta, beraz, hasieran adostutakoak ez du aurrera egiterik izan. Hau da, sektore pribatuak ordaindu beharreko zatia ordaintzailerik gabe gelditu da.

Baina Europako Batasunak aurrera jarraitu nahi du proiektuarekin, kosta ahala kosta, eta iragarri du bere gain hartuko duela ordaindu beharrekoa ordaintzea, eta sektore pribatuari sateliteak martxan mantentzeko ardura baino ez diola emango. Horretarako, erabili gabe gelditu zaizkien nekazaritza- eta administrazio-funtsak erabiliko dituzte.

Europako Batasuneko herrialde guztiak ez daude horrekin ados, ordea. Esaten dute erokeria dela hiritarrek ordaintzen dituzten zergetatik ateratako dirutza horretan xahutzea, bestelako lan probetxugarriagoak egiteko erabili beharko luketela. Batzuek diote ESAk ere dirua jarri beharko lukeela, eta beste batzuek, berriz, ordainketaren arazoa konpondu arte Galileo etetea eskatzen dute. Batek daki nola bukatuko den Galileo proiektua!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia