Galileo
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1564-1642)
Fisikari eta astronomo italiar hau Pisa-n jaio zen 1564.eko otsailaren 15ean; Michel-Angelo hil baino hiru egun lehenago, hain zuzen.
Bere izena Galileo Galilei zen, aita matematikari zen eta bere semeari beste bizibide bat eman nahi zion. Medikuntzaren bidetik bultzatu nahi izan zuen semea, medikuek matematikariek baino hogeita hamar aldiz gehiago irabazten baitzuten. Baina Galileo gazte zela, geometriazko hitzaldi bat entzun zuen eta berehala sortu zitzaion matematikarako zaletasuna. Aitari matematika eta zientziak ikasteko baimena eskatu zion.
Galileo fenomeno fisikoak aztertzen hasi zen eta beti ere fenomenoa matematikoki adierazteko joera zuen. Zenbakien bidez era sinplez argitu nahi zituen fenomenoak.
Lehen aurkikuntza hemeretzi urte zituela egin zuen. Pisa-ko katedralean zegoela, kandelontzia zintzilik dilindan ikusi zuen. Gero etxera joan eta bi pendulu berdin egin zituen eta oszilazioaren denboran dilindaren arkuak ez zuela zerikusirik frogatu zuen.
Galileok tenperaturak neurtzeko "termoskopioa" ere asmatu zuen. Gasaren zabalkuntzan eta konpresioan oinarriturik zegoen tresna hura, baina ez zen oso zehatza. 1586an balantza hidrostatikoa egiteko proiektua argitaratu zuen liburuxka batean.
Galileok gorputzen erorketa ere aztertu zuen. Hutsean gorputz guztiak abiadura berdinez erortzen zirela zioen. Esaten dutenez, Pisa-ko dorre inklinatuaren gainean bi gorputz erortzen utzi zituen, bata arina eta bestea astuna. Bi gorputzak batera iritsi omen ziren lurrera.
Galileok gorputza plano inklinatuan behera datorrenean azelerazio konstantez desplazatzen dela frogatu zuen. Bestetik, proiektilen ibilbide parabolikoaz arduratu zen eta mekanikaz liburu bat ere argitaratu zuen. Han materialen erresistentziaz lehen oinarriak ezarri zituen.
Galileok izaera berezia zuen. Ez zen atsegina jendearentzat. Berak bezala pentsatzen ez zutenak ironiaz tratatzen zituen eta horregatik etsai asko zuen.
Padova-ra joan zen bizitzera gero eta han Kepler astronomoarekin harremanak izan zituen eskutitzez. 1609an 32 aldiz handiagotzen zuen teleskopioa egin eta zerua aztertzen hasi ere. Ilargian mendiak zeudela deskubritu zuen, baita Eguzkiak orbanok dituela ere. Gainera eguzkiak bere ardatzaren inguruan 27 egunetik behin bira bat ematen zuela ikusi zuen. Teleskopioz ikusten zenez, Jupiter-ek lau planeta zituen eta astro guztiak ez ziren Lurraren inguruan biraka ari.
Galileo Erromara joan zen 161 1 n eta urte batzuk igaro ondoren Inkisizioak juzkatu egin zuen bere teoriak herexia zirela eta. Galileok amore eman zuen epaitegian, baina azkenean ondorengoa murmurikatu zuen: "Eppur si muove" hau da, "hala ere, mugitu egiten da".
Duintasun zientifikoari buruzko irakaspen bikain hori emana zuen herio etorri zitzaionean. 1642an Florentzia inguruko Arcetri herrian egin zuten topo.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia