}

Gaixoaren sendagai bakarra ez baita botika

2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure gizartean, gaixoek sendagilearengana joan eta hark emandako aholkuei jarraitzen diete. Gehienetan, gainera, gaixotasuna bakardadean jasan behar izaten dute, ingurukoek ez baitituzte beren arazoak hain erraz ulertzen. Gaixoak babesgabe sentitzen dira, eta jendea haien kezka eta ardurak ulertzeko gai ez dela sentitzen dute.

Gila River erreserbako indiar diabetikoek, ostera, ez dute zertan horrelako isolamendurik jasan. Fenixetik 40 miliara dagoen erreserba horretan, gaixoari eman dakiokeen edozein laguntza gutxi dela ohartu dira, eta, horren inguruan zerbait egin guran, indiarren ohiturak eta mendebaldeko medikuntza tradizionaleko metodoak uztartzea pentsatu dute.

Astean behin, diabetea duten gaixoak Hu Hu Kam Ospitalean elkartzen dira. Han, Gerar Kisto praktikantearen inguruan bildu eta zeremonia tradizionala egiten dute. Kisto praktikante tradizionala da, eta Ipar Amerikako indiarren sendatze-zeremonia asko gidatzen ditu.

Ospitalean zeremonietako urrats guztiak egin ezin baditzake ere, giro atsegin eta segurua lortzen saiatzen da, gaixoak gustura eta lasai sentitu eta haien arazoak besteen aurrean azal ditzaten. Horregatik, gaixoei ematen dien laguntza, batez ere, psikologikoada. Sendagaiez eta tratamenduez, ostera, ospitaleko medikuak arduratzen dira.

Osasunaren Institutu Nazionaleko datuen arabera, Ipar Amerikako indioen % 9ri diabetea diagnostikatu diote. Gila River erreserban, ordea, proportzioa askoz handiagoa da. Erreserba horretan bi tribu daude, Pima eta Marikopa. Pimen artean, biztanleen % 50 dira diabetea dutenak. Horregatik, garrantzitsua da horrelako programak martxan jarri eta aurrera eramatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia