Gaixo eta logale? Hala behar du
2007/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nahikoa lo egitea ezinbestekoa da immunologia-sistema indartsua izateko. Gainera, gaixoek logalea izaten dute, eta sendagileek askotan frogatu dute lo egiteak infekzioak gainditzen laguntzen duela. Gaixoarentzat ez ezik, populazioarentzat ere onuragarria da gaixoa ohean geratzea; hala, gaitza kutsatzea saihesten da.
Gaixoaldian logalea sorrarazten duen proteina identifikatu dute ikertzaileek. TNF-alfa du izena (tumour necrosis factor alpha), eta ezaguna da tumoreen aurka erabiltzen delako, eta baita hanturarekin lotura duelako ere. Adibidez, TNF-alfarekin tratatzen diren minbizi-pazienteek logura izaten dute albo-ondorio gisa.
Apnea duten gaixoek egunez lo har ez dezaten, eta beste gaixotasun kroniko batzuk sortzen duten nekea gainditzeko, TNF-alfa proteina blokeatzen duten botikak ematen dira batzuetan. Orain, ordea, badakite proteinak immunologia-sisteman eragina duela, eta baita erritmo zirkadianoan ere, nonbait. Hortaz, halako botikak ematen jarraitu baino lehen, gehiago ikertu beharko dela uste dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia