Gaiker enpresa Europako Birziklatze Zentro Birtualaren buru da
2002/07/18 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Europako Birziklatze Zentro Birtuala (EBZB) Europako Batasuneko 10 herrialdetako 17 bazkidek osatzen dute (ikerketa-zentroak, unibertsitateak, enpresak eta elkarteak). Hain zuzen ere, Gaiker zentro teknologikoa arduratuko da proiektu horren idazkaritza-lana egiteaz.
Proiektu horren helburua Europako birziklatze-industrien arteko lehia hobetzea da. Horretarako, I+G ekintzak enpresa bakoitzaren beharrekin lotzen saiatuko dira. EBZB ezaugarri horiek dituen munduko lehen proiektua da.
Ekimen berri horren garrantzia begi-bistakoa da, ikusi besterik ez dago: Europako Batasunak 2,2 mila milioi nekazaritza-hondakin sortzen du urtean (hondakin horiek etxekoak edo industrialak izan daitezke). Horrez gain, kontuan hartzekoa da, hemendik aurrera, Europako araudiak sortzen diren hondakinen % 50-90 birziklatzea aginduko duela.
Murrizketa-prozesu horri lagundu nahian, EBZBk birziklatze-arlo denak hartuko ditu bere gain, baina, batik bat: autogintza, ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, hondakinen eraikuntza eta eraistea, pneumatikoak, plastikoak eta metalak.
Proiektu berritzaile honen betebehar nagusia birziklatze-arloan lanean ari diren Europako enpresa denei behar duten informazioa ematea da, betiere, eskuragarri dauden puntako informazio-teknologia modernoenak erabiliz. EBZB bitartekotza-lana egiten saiatuko da –besteak beste, profesionalen eta gizartearen artean, hondakinen ekoizleen eta birziklatzaileen artean, instituzio nazional eta internazionalean artean– arlo horretan ezinbesteko erakundea izan arte.
EBZBren lehen ekintzak honako hauek izango dira: birziklatze-alorrean lan egiten dutenen zerrenda osatu, sektore bakoitzari dagokion datu-basea eratu eta, honekin batera, web eraginkor bat sortzea. Gerora begira, birziklatze-industriari balio handiko zerbitzuak eskaintzen hasiko da.
Informazio gehiagorako egin klik hemen
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia