}

GABRIEL FALOPIO

1995/10/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zirujau-anatomista italiar hau, Modena-n (Italian) jaio zen 1523. urtean. XVI. mendeko anatomistarik garrantzitsuena da. Modenako katedralean kalonje izan zen, baina medikuntza-ikasketak egitera Ferrarako Unibertsitatera itzuli zen, han anatomi irakasle izan zelarik. 1548. urtean, Pisako Unibertsitatean, kirurgia eta anatomiako irakasle izendatu zuten, eta 1551. urterarte egon zen, lanpostu hartan. Paduako Uni-bertsitateko katedra ere lortu zuen.

Gorpuak disekatzean, Falopiok erabateko azterketak egiten zituen. Hauetan ateratako emaitzak, Observationes Anatomicae lanean argitaratu zituen. Behaketa haien guztien ondorioz, hainbat gauza garrantzitsu aurkitu zuen. Besteak beste, epifisia (hezur luze baten muturra, muin gorria duena), periostioa (hezurra inguratzen duen mintz konjuntiboa), buruko hezur batzuk, Falopioren ligamentua, barne-belarria eta bi sexuetako organo genitalen barneko hainbat zati.

Barne-belarriaren kasuan, tinpanoaren korda, kanal erdizirkularrak eta Falopioren akueduktua deskribatu zituen. Organo genitalen kasuan berriz, obuluak obariotik uterora bideratzen dituen hodiak deskribatu zituen. Falopiok, ez zuen hodi hauen funtzioa ezagutzen; obuluak ez baitziren beste hiru mende pasa baino lehen aurkituko.

Gaur egun hodi hauei, Falopioren tronpa deritze. Hodi txiki hau, karabilkaturik dago, oso kalibre edo diametro konplexua du, eta gainetik, 10 eta 14 zentimetro bitarteko luzera duen epitelio zilindriko ziliatuaz estalirik dago. Organo honek hanturak maiz izaten ditu eta horietako bi, “salpingitis” eta “anexitis” izenekoak dira.

Salpingitisaren kasuan, hantura aldebakarra edo arruntagoa den aldebikoa izan daiteke. Normalean, hanturek jatorri bat baino gehiago dute, amaberriaren hantura, abortu ondorengo hantura eta gonokozia (gonokokoak sortutako hantura) izan daitezkeelarik. Antibiotikoei esker, konplikazio larriak (peritonitisak) oso urri dira eta ondorioak (antzutasuna) dituzten kasuak asko murriztu dira.

Anexitisak, tronpako kalibre edo diametroari oztopoa jartzen dio, eta ondorioz, antzutasuna eragin dezake. Hantura honen eragileak, mikrobioak dira.

Kasu batzuetan ernaldutako obuluak, tronpako mukosan gera daitezke, ondorioz tubariko deituriko haurdunaldi anormala izaten delarik.

Gabriel Falopio, Paduan (Italian) hil zen, 1562. urteko urriaren 9an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia