}

Fusioa, orain ala inoiz ez

2000/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fusio nuklearraren inguruan lanean dabiltzan ikertzaileek behin betiko erabakia hartzeko unea iritsi dela adierazi dute. Prestatutako azken diseinua aurkeztu ondoren onartua ala betirako baztertua izan dadila eskatu dute. Diseinatutako erreaktorea 4.000 milioi dolar (80.000 milioi pezeta, 26.000 milioi libera) kostatuko da; asko. Hala ere, lehenago proposatutako eredua baino bi bider merkeagoa da. Ikertzaileen ustez gutxiago ezin da egin eta aurkeztutako plana da ikerketa-programarekin aurrera jarraitzeko modu bakarra. Erreaktore Termonuklear Esperimentala (ITER) 1986an hasi ziren prestatzen Estatu Batuak, Europa, Japonia eta Sobietar Batasunaren artean. Baina diseinua aurkeztu zenerako, 1998rako, giro politikoa erabat aldatuta zegoen: Errusiak ez zuen aurrera jarraitzeko dirurik eta Estatu Batuek bertan behera utzi zuten lankidetza. Orain aurkeztu den ITER proiektua txikiagoa da, baina hala eta guztiz ere, kontsumitutako energia baino 10 bider energia gehiago ekoitziko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia