}

Fusio nuklearra eztabaidan

2000/05/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Alemaniako Alderdi Berdeak gobernuari fusio nuklearraren ikerketa baztertzeko eskatuta, presioa egin nahi du.

Alemaniako Alderdi Berdeak fusio nuklearraren inguruko ikerketa programari ez eusteko eta ITER nazioarteko programan parte ez hartzeko eskatu dio Gobernuari.

Alderdiaren estrategia joan den hilabetean argitaratu zen. Bertako iradokizuna ikerketa nuklearra segurtasun esparruan soilik garatzea zen. Modu horretan aurreztutako dirua, ordea, energia berriztagarrien arloan (eguzki panelak, haize sorgailuak, eta abar) sartzea egokiagoa dela zioen.

Alderdi Berdeak dagoeneko helburu garrantzitsua lortu du. Alemaniak energia nuklearraren ekoizpena 2019. urterako erabat baztertuko du. Hori alderdiaren indar politikoaren adierazgarria da. Fusio nuklearra ikertzen ari diren taldekoek erreakzio bizia izan dute. Sektorean argi dute Alderdi Berdearen mugimendu politikoa besterik ez dela. Fusio hotza egitea lortzen bada, berrogeita hamar urte barru izango da. Alderdiaren bozeramaileak, Hans Joseph Fell-ek, erregai fosilak ordezkatzeko premia dagoela eta ezin dela aldaketa fusioaren emaitzetan oinarritu esan zuen.

Nazioarteko plana

ITER plasmen fisika eta fusio nuklearra ikertzeko nazioarteko programa da. 1986. urtean, martxan jarri zenean, proiektuak 6.800 milioi dolarreko aurrekontua zuen. Europa, Errusia, Estatu Batuak eta Japoniako proiektua zen. Kostua eta etorkizuna aztertu ondoren Estatu Batuek jarritakoa kentzea erabaki zuten. Ondorioz, 3.100 milioi dolarretan (3.500 milioi euro) gelditu da aurrekontua eta proiektua izugarri murriztu behar izan dute.

Alderdi Berdeak ere Estatu Batuak bezala jokatzeko eskatu dio gobernuari. Dena den, Alemanian fusioaren ikerketan sartutako diru kopurua ez da inolaz ere murriztu. Gainera, sektoreko zientzialariek berdeen beste helburu batzuk pragmatismoak bertan behera uztea espero dute. Adibidez, ekialdeko Alemanian egindako Wendelstein-7X fusio erreaktore esperimentala berdiseinatu nahi dute. Horrela erreaktorea tenperatura baxuko plasmen fisikaren ikerketarako eta ez fusioarekin lotutako proiektuekin.

IPPko zuzendariak (Plasmen Fisika ikertzeko Max Planck Institutua), Alexander Bradshaw-ek, alderdiaren eskaerak zentzugabekoak ikusten ditu. Bere ustez, Estatu Batuetako ekintza ITER proiektuan ez da adierazgarria, fusio ikerketan, oro har, gero eta diru gehiago sartzen baitu. Bradshaw harrituta dago, gainera, Alderdi Berdearen lerro nagusien aldekoa delako, klima eta oinarrizko zientziaren arloetan, batez ere. Bere ustez, alderdiak ez du fusioaren gaineko presio politikorik behar aurrera egiteko.

Alemaniako gobernuaren jokabidea energiaren arloan Wissenschaftsrat zientzia kontseiluak esandakoaren araberakoa izango da. Wissenschaftsrat kontseiluak dio energia guztiei ateak zabalik utzi beharko zaizkiela. Dena den, Alderdi Berdearen proposamena parlamentu federalean eztabaidatuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia