}

Fusio hotza?

2002/03/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako fisikari batzuek esan dute fusio hotza eragitea lortu dutela.

Fusio nuklearra energia-iturrien etorkizuna izan daiteke. Besteak beste, fusioa fisioaren alternatiba 'garbitzat' hartzen da, azken horrek adinako energia-kantitatea ekoizteko ahalmena duelako hondakin oso arriskutsuak sortu gabe.

Zer dira fisioa eta fusioa?

Bi prozesu horiek atomoen nukleoekin dute zerikusia. Fisioa nukleo oso handiak 'puskatzea' da. Horregatik, uranioa izaten da prozesu horretarako lehengaia, naturan dagoen atomorik handiena delako. Dena dela, uranio-nukleo guztiak ez dira erraz erdibitzen: isotopo erradiaktiboak ezinbestekoak dira prozesu hori gauzatzeko. Uranioa isotopo horietan 'aberastu' egiten da, beraz. Beste irtenbide bat uranioa baino atomo astunagoak artifizialki egitea da, plutonioa adibidez. Plutonioaren isotopo guztiak dira erradiaktiboak; bonba atomikoak egiteko elementu aparta da. Elektrizitatea ekoizteko zentraletan, ordea, fisioak arazo handiak ditu, batez ere erreaktoretik ateratzen diren hondakinak ere erradioaktiboak direlako.

Fusioa aurkako prozesua da, hau da, bi atomo txikiren nukleoak elkartu eta 'batzea' da. Prozesu horrek askatzen duen energia fisioarena baino askoz handiagoa da; horrez gain, arriskutsu ez diren atomo txikiak ditu lehengai, hidrogenoaren isotopo batzuk, alegia. Hidrogeno-mota horri deuterio deritzo eta itsasoan oso ugaria da.

Dena dela, fisioa eragiteko izugarrizko energia eman behar zaio aurretik. Horren ondorioz lortzen den kantitatea askoz handiagoa da, baina prozesua aktibatzeko ere energia handia behar da. Adibidez, Bigarren Mundu Gerraren ostean garatu ziren hidrogeno-bonbak (hau da, fusio-bonbak) 'martxan jartzeko' fisio-bonba txiki bat erabili behar izaten zen. Horrek esan nahi du, H bonba leherrarazteko Hiroshiman bota zen bezalako beste bonba batetik hartu behar duela aktibatze-energia.


Hotzean

Hori dela eta, ez zegoen modurik fusioa elektrizitatea ekoizteko ustiatzeko. Fusioa tenperatura kontrolagarrian eragiterik balego, ohiko zentral nuklearren arazoa konpon liteke. Baina ikerketa horrek ez zuen emaitzarik ematen, eta dirua horietan xahutu behar den edo ez erabakitzeko eztabaida handiak izan dira azkenaldian.

Aste honetan fusio hotza eragiteko esperimentu baten berri emango du Science aldizkariak. Rusi Taleyarkhan fisikari estatubatuarrak
hidrogeno-atomo guztien partez deuterioa duen azetona zilindro-itxurako ontzi batean sartu eta soinu-uhinen bitartez bonbardatu zuen. Aldi berean, abiadura handiko neutroi-sorta batez ere bonbardatu zuen. Horrela, milimetro bateko diametroko burbuilak sortu ziren, eta, burbuila horien elkarrekintzetan, deuterio-atomoek elkarrekin talka egin zuten; ustez, fusioa gertatu zen. Teknika horri kabitazio akustikoa deritzo.

Science aldizkarian aurkeztutako esperimentua

Zalantzak

Bi deuterio-atomok, fusioz, helio-atomo bat eta neutroi bat sortzen dituzte. Baina ez da hori zientzialariek ikusi dutena. Izan ere, prozesu berean tritioa eta protoiak ere sor daitezke, fusiorik gertatu gabe, ordea. Ikertzaileek neutroiak eta tritioa sortu direla diote, hau da, bi erreakzioak gertatu direla, eta, beraz, fusioa gertatu dela iragarri dute.

Esperimentuaren produktuetako bat neutroiak izan dira, baina bestea, tritioa. Beraz, galdera airean gelditu da. Fusioa benetan gertatu da edo tritioa besterik ez da sortu?

Science aldizkariko editoreek artikulua argitaratzea erabaki dute. Sinisten al dute, beraz, fusioa benetan gertatu zela? Aldizkari horrek (ikerketa-aldizkari guztiek bezala) ez du artikulurik argitaratzen esparru horretako adituen epaiketarik gabe. Fusioaren artikuluarekin hala egin du Science aldizkariak.

Aditu horiek eskatu zuten neutroiak detektagailu zehatzago batekin detektatzea. Orduan, Dan Shapira eta Michael Saltmarsh fisikari estatubatuarrak saiatu ziren Taleyarkhanen esperimentua berriz egiten detektagailu horrekin, eta ez zuten neutroirik detektatu. Fusiorik ez dela gertatzen ondorioztatu zuten. Baina beste zientzialari batzuek kritika asko egin dizkiote azken esperimentu horri ere.


Aste honetako Science aldizkarian fusio hotzaren berri ematea erabaki zen, eta erabaki hori editorialean justifikatzen da. Donald Kennedy editoreak sortu den eztabaida azaltzen du. Eztabaida hori onartuta, editoreen ustez horrelako ikerketen berri eman behar dela eta kasu horietan irizpideek ez dutela oso zorrotzak izan behar defendatu du.

Science -k esan du; baina eztabaida bizia dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia