}

Fukushiman izotz-hesia eraikitzeko asmoak ez ditu kritikak isilarazi

2013/09/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

fukushiman-izotz-hesia-eraikitzeko-asmoak-ez-ditu-
Fukushimako zentral nuklearra. Argazkiaren erdian, ur erradioaktiboa duten tangak ikusten dira. Arg. copyright: Google Maps

Nazioarteko aditu asko oso kezkatuta daude Fukushimako hondamendi nuklearraren ondoren egiten ari diren kudeaketa eskasa eta komunikazio nahasia ikusita. Horren adierazgarri da, adibidez, aste honetako Nature aldizkariaren editorialaren izenburua: Akats nuklearra (Nuclear error). Egoera hain larria bilakatu da, non Japoniako gobernuak esku hartu behar izan duen. Hain zuzen, orain arte zentralaren jabea, Tepco konpainia, arduratu bada ere zentralaren hondakinak eta material erradioaktiboak kudeatzeaz, orain Japoniako gobernuak hartu du larrialdi-plana gidatzeko ardura. 358 milioi euro bideratuko ditu plana gauzatzera, eta aurrekontuaren zatirik handiena izotz-hesi bat eraikitzeko erabiliko du.

Izotz-hesiaren funtzioa ur erradioaktiboaren isuria geldiaraztea izango da. Izan ere, Tepcok aitortu duenez, zentralaren pitzaduretatik ur erradioaktiboa isurtzen da lur-azpira; han, lurpeko urekin nahasten da, eta, haiekin batera, itsasora iristen da. Isuri batzuk oso larriak izan dira: joan den astean, iragazte batean, 300 tona ur kutsatu isuri zirela onartu zuten; horren ondorioz, INES eskalan 3. mailara iritsi ziren ―instalazio nuklearretan eta erradiologikoetan izaten diren gertakizunen larritasun-maila adierazten du INES eskalak; hondamendia gertatu berritan, eskalaren maila gorenera, 7.era, iritsi zen egoera, baina, geroztik, 1. mailan egon da―.

Egoera oso da zaila, egunero 400 mila litro ur erabiltzen baitituzte istripuan kaltetutako erreaktore nuklearrak hozteko. Ur hori kutsatuta geratzen da, eta, oraingoz, zentralaren atzealdean jarritako tangatan gordetzen ari dira. Guztira, mila tanga dituzte, eta, pixkanaka, ur hori tratatzen ari dira, elementu erradioaktiboak kenduz, gero itsasoratzeko. Alabaina, tangek isuriak dituztela ikusten ari dira (Natureko editorial-egileak “erloju-bonba” gisa definitu ditu), eta bai tangetako bai zentraleko isuriak konpontzeko asmoz eraiki nahi dute izotz-hesia.

Hesia ez da nahikoa

Izotz-hesiak lehendik ere erabili izan dira ur eta lohi kutsatuak geldiarazteko, batez ere, Estatu Batuetako meategietan. Lurra izoztean oinarritzen dira. Horretarako, hodiak sartzen dituzte lurpean, eta, haietatik, likido hoztailea zirkularazten dute. Lurra izozten da, eta likidoak solidotuta geratzen dira.

Beraz, sistema hori erabili nahi dute Fukushimako zentralaren inguruan, pitzaduretatik isuritako ura geldiarazteko eta lurpeko urekin ez nahasteko. Orain arteko handiena izango da; hala ere, neurriak baino gehiago, beste alderdi batzuek piztu dute kezka adituen artean. 

Mycle Schneider energia nuklearrean aditua, adibidez, CNN kateari egindako adierazpenetan, oso ezkor azaldu da. Proiektuak zailtasun tekniko handiak dituela azaldu du, bereziki, eremu hain handia izozteko beharko den energiagatik. Gainera, erradioaktibitatea dela eta, segurtasun-neurri bereziak hartu beharko dituzte, eta horrek ere zaildu eta luzatu egingo ditu lanak (gutxienez urtebete beharko dutela aurreratu dute). Bestelako arazoak ere aipatu ditu: materialen korrosioa, lurrikaren arriskua...

Izotz-hesia eraikitzeaz gain, Japoniako gobernuak ur erradioaktiboa garbitzeko sistema bat lortzeko helburua du, eta horretara bideratuko da agindutako aurrekontuaren beste zatia. Izan ere, orain erabiltzen ari diren sistemarekin (ALPS izenekoa), elementu erradioaktibo gehienak kentzeko gai dira, tritioa izan ezik. Horrenbestez, uretatik tritioa ere erauziko duen sistema behar dute.

Dena dela, Natureko editorialean salatzen dutenez, neurri horiek ez dira nahikoak arazoari irtenbidea emateko. Eta orain arteko kudeaketak emandako emaitza kaskarrak ikusita, proposamen bat egiten dute: nazioarteko aditu-talde bat sortzea, elkarrekin bilatzeko soluzioa.

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia