Frogatu dute zuzeneko erlazioa dagoela gau beroen eta hilkortasunaren artean

2025/09/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

frogatu-dute-zuzeneko-erlazioa-dagoela-gau-beroen
Bilbo gauez. Arg. Sergei Gussev/CC 2.0

Nazioarteko ikerketa batean, gaueko aire-tenperaturak heriotza-tasan izan dituen eragina aztertu dute, 1990-2018 bitartean, mundu osoko 44 herrialdetako 178 herritan (Euskal Herrikoak barne) eta bi indize termiko erabiliz: gehiegizko tenperatura eta gau beroen iraupena. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) gidatu du ikerketa, eta ondorioztatu du gau beroek heriotza-arriskua handitzen dutela, eta gaueko tenperaturen eragina bereizita dagoela egunekoetatik.

Ikertzaileek lanaren balioa azpimarratu dute. Izan ere, azken hamarkadetan gau beroak ugaritu egin dira, eta, klima-aldaketaren ondorioz, geroz eta gehiago izango direla aurreikusten da. Horrek guztiak agerian uzten du gauaren eragina ulertzeko beharra. Ezagutza hori funtsezkoa da osasun publikoko estrategiak definitzeko, eta egokitze-ekimenak bideratzeko. 

Helburu horrekin egin dute, beraz, ikerketa. Azaldu dutenez, gaueko beroak berariaz egiten du kalte. Batetik, ez dio gorputzari bere onera etortzen uzten, egunean pilatutako estres termikoaren ondoren. Bestetik, loaren kalitateari eragiten dio. Eta, oro har, gaixotasun kardiobaskularrak, neurologikoak eta arnasketakoak larriagotu ditzake. Hirietan, arazoa okertu egiten da, uharte-efektuarengatik, eta ondorioak bereziki pairatzen dituzte baliabide ekonomiko apalak dituztenek, adineko pertsonek eta gaixotasun kronikoak dituztenek. 

Hala, egoerari aurre egiteko proposamen batzuk egin dituzte ikertzaileek: gaueko beroa aintzat hartzea alerta goiztiarreko sistemetan; hirietan, babesleku klimatikoak ezartzea eta berdeguneak handitzea; etxebizitzetan, ospitaleetan eta egoitzetan, baldintza termiko egokiak bermatzea; eta prebentzio-planak berdiseinatzea, gaueko beroa berariazko arriskutzat hartuz.

Environment International aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian. Halaber, aitortu dute ikertzen jarraitu behar dela, populazio-talde zaurgarrienen gaineko eragina ezagutzeko;  eguneko eta gaueko tenperaturen arteko erlazioa argitzeko; eta ikusteko zer eragin duten intentsitateak eta iraupenak, alegia, kalte handiagoa egiten ote duen tenperatura oso altuko aldi labur batek edo tenperatura ez hain altuko aldi luzeak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia