}

Fred Hoyle astronomoa hil da

2001/08/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Sir Fred Hoyle astelehenean hil zen, 86 urte zituela, Ingalaterrako Bournemouth herrian. Berak eman zion unibertsoaren sorreraren teoriari Big Bang izena, baina teoria horren aurkari sutsua izan zen beti.

Fred Hoylek oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu astronomiaren arloan. 1953. urtean karbono-12 elementua izarren barnean sortzen zela iragarri zuen, eta Willian Fowler-ek 1957an eginiko behaketek iragarpena egiaztatu egin zuten. Bi astronomo horiek, Geofrey eta Margaret Burbidge-kin batera, elementuen nukleosintesiaren teoria plazaratu zuten 1957. urtean. Bertan, helioa baino astunagoak diren hainbat elementu (karbonoa, oxigenoa, litioa, burdina) izarren barneko erreakzio nuklearretan sortzen direla esan zuten. Izarrak lehertzean, elementuak unibertsoan barreiatzen dira eta, denborarekin, Eguzki-sistema bezalako egiturak sortzen dira.

1983. urtean Fowler-ek Fisikako Nobel saria jaso zuen elementuen sintesiaren inguruan eginiko ekarpenengatik. Fred Hoyle-k ez.

Ernegatzailea

Fisikari eta astronomo bikaina izateaz gain, kideak ernegatzen trebea ere bazen. 1990ean, Chandra Wickramashinge kidearekin batera, eguzki-ekaitzek gripea eragin zezaketela aldarrikatu zuten Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Izan ere, Hoyle eta Wickramashinge-k bizia estralurtarra dela irmoki defendatu dute. Haien ustetan, unibertsoa birusez beteta dago eta, gripea bakarrik ez, hiesa eta beste hainbat gaixotasun ere espaziotik omen datoz. Bizia bera espaziotik iritsitako birusen mutazioetatik abiatuta garatu dela esan dute eta Darwin-en eboluzioaren teoria gaitzetsi dute.

Hain zuzen ere, 1986. urtean orain 60 milioi urteko Archaeopterix narrastiaren fosila faltsua dela aldarrikatzen zuen liburua argitaratu zuten. Fosila hegaldun narrasti batena da, eta eboluzioaren adibidetzat hartzen da. Hoyle-k, berriz, nahita itsatsitako piezak direla esan zuen. Liburuak ikaragarrizko polemika piztu zuen, eta Hoyle eta Wickramashinge oso kritikatuak izan ziren. Eztabaidaren inguruan Hoyle-k honako hauxe esan zuen: baliteke liburuan sarkasmo apur bat erabili izana.

Big Bang teoriaren aurkaria

Hermann Bondi eta Thomas Gold-ekin batera, 1940ko hamarkadaren amaieran "unibertso geldikorraren teoria" plazaratu zuen Hoyle-k. Teoriak unibertsoak ez hasierarik ezta bukaerarik ez duela aldarrikatzen du. Izarrak, planetak, galaxiak eta unibertsoa osatzen duten gorputz guztiak sortu eta desagertu egiten dira, baina unibertsoa bera ez.

Big Bang teoriak, gaur egun ia aho batez onartzen den teoriak dio, unibertsoa une jakin batean gertatu zen leherketan sortu zela eta geroztik hedatzen ari dela. Aurretik ez zegoen ezer. Baina, Hoyle-ren ustez, denbora eta espazioa existitzen ez baziren Big Bang-a ezin izan zen gertatu. 50 urte hauetan Big Bang teoriaren aldeko aurkikuntza asko egin badira ere, eta teoria ontzat jotzen bada ere, Hoyle-k ez du inoiz onartu. Izan ere, 1992an adierazi zuenez, teoria horren kontrako aurreiritzi estetikoak zituen. Big Bang teoriak, ordea, izena zor dio Hoyleri. Trufaz bataiatu zuen horrela, baina gaur arte iraun du.

Fred Hoyle 1915. urtean jaio zen, eta Cambridge Unibertsitatean astronomia ikasi zuen. Bertan, astronomia-irakasle izan zen 1958tik 1972ra arte eta Cambridge-ko Astronomia Institutuaren sortzaileetako bat izan zen. Hamaika sari irabazi ditu eta zientzia fikziozko
hainbat liburu ere idatzi ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia