}

Francis Crick Nobel sariduna hil da

2004/07/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

AFrancis Crick uztailaren 28an hil da AEBetako San Diegon, 88 urterekin. DNAk helize bikoitzaren itxura zuela aurkitzeagatik Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1962an, Watson-ekin eta Wilkins-ekin batera.
Francis Crick

Hala ere, saria ez zitzaien berehalakoan iritsi. Izan ere, DNAren egitura zein zen ikertzea urtetako lana izan bazen ere, aurkikuntzak ez zuen oihartzun handirik izan. Watsonek eta Crickek 1953ko otsailaren 28an proposatu zuten helize bikoitzaren eredua, eta Nature aldizkariaren apirilaren 25eko zenbakian argitaratu zuten. Beraz, urteak pasatu ziren merezitako onarpena jasotzerako.

Dena dela, hori ez da Crickek biologia molekularrean egindako ekarpen bakarra. Esaterako, Max Perutz -en zuzendaritzapean proteinen egitura ikertu zuen, eta DNAren eta proteinen artean dagoen harremana zein den proposatu zuen. Hala, 1957an, Crickek "Dogma nagusia"-ren berri eman zuen Biologia Esperimentalaren Elkartearen sinposioan. Horren bidez azaldu zuen DNAk RNAri pasatzen diola informazioa, eta horren arabera ekoizten direla proteinak.

1958an proteinen egitura aztertzeko metodo bat argitaratu zuen, eta metodo hori nagusi izan da urte askoan. 1966an, kode genetikoko hiru baseri proteinen aminoazido bat zegokiela aurkitu zuen. Lan hori zehaztasun guztiz argitaratu zuen, eta Crickek egindako lan dotoreena dela uste dute askok.

Biologia molekularrean lan egiten jarraitu zuen 1977 arte. Orduan, Salk Institutura joan zen neurobiologian ikertzera. Ametsak, kontzientzia eta ikusmena aztertu zituen batez ere, eta 1984tik Christof Koch-ekin batera egin du lan. DNA eta proteina ikertzeagatik egin zen ezaguna, baina neurobiologian egindako ekarpenak ere ez dira makalak izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia