}

Foucault, Léon

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1819-1868)

Parisen 1819ko irailaren 18an jaio zen. Ikasketak egin eta mediku-titulua lortu ondoren, Armand Fizeau fisikariarekin elkartu eta fisikaz arduratzea erabaki zuen. Beroa eta batez ere argia ikertzeari ekin zion.

Pentsa dezagun argi-izpi bat A ispilua jo eta angelu batez isladatu egiten dela. Demagun isladatutako argi-izpiak gero B ispilua jo eta isladatuta berriz ere A ispilurako bidea hartzen duela. Bi ispiluak geldirik badaude, argia etengabe arituko da batetik bestera errebote eginez.

B-tik argi-izpia isladatua datorkionean A ispilua azkar biratzen bada, argi-izpia beste leku batera isladatuko da. A ispiluaren biraketa-abiadura, isladatutako izpiaren angelus eta argiak ibilitako distantzia kontutan hartuz, Foucaultek argiaren abiadura oso zehatz kalkulatu zuen; Fizeauk baino doitasun handiagoaz kalkulatu ere.

Foucaultek ispiluen sistema argiaren abiadura airetan, uretan eta beste zenbait inguru gardenetan neurtzeko erabili zuen. Huygens eta Newtonen garaiaz gero, eztabaidak zeuden argiaren izaerari buruz. Batzuen arabera, argia uhinez osaturik zegoen eta besteen arabera, partikula-korrontea zen. Uhin-teoriak zioenez, argiak uretan polikiago hedatu behar zuen eta gorpuzkulu-teoriaren arabera berriz, batekoz bestera gertatzen zen.

1850. urtearen inguruan Foucaultek argia uretan airetan baino polikiago hedatzen zela frogatu zuen, uhin-teoria hobetsiz. Lan horiek guztiak bere doktorego-tesian argitaratu zituen Foucaultek.

Dena den, Foucaulten izena hark egindako beste saiakuntza batzuek bihurtu zuten ospetsu; batez ere 1851 n hasitako saiakuntza bati esker. Foucaultek bazekien zintzilikatzeko puntua biratu arren, penduluak oszilazio-planoan mantentzeko joera zuela. Pendulu handi bat martxan jartzen bazuen, beronen oszilazio-planoa mantendu egingo zen, nahiz eta Lurrak azpian biratu. Pendulua ipar poloan balego, Lurrak 24 ordutan penduluaren azpian bira osoa emango luke. Ipar poloa baino beheragoko latitudeetan, Lurraren biraketa itxuraz polikiago gertatuko litzateke. Abiadura hau txikiagoa litzateke hegoaldera joan ahala eta zero ere bai ekuatorean. Ekuatoretik hegoaldera berriz biratzen hasiko litzateke, baina kontrako norantzan. Hego poloan, berriz, 24 ordutan osatuko litzateke bira osoa.

Penduluari begira dagoenari (Lurrarekin batera biratzen ari denari), pendulua poliki-poliki norabidez aldatzen ari dela irudituko zaio.

Lehen saiakuntzaren emaitzak nola-halakoak izan ziren, pendulu luzeagoaz egin behar zelako. Arago-k orduan behatokiko edifizioa eskaini zion eta Napoleon III.ak Parisko eliza handi bat. Foucaultek bi oin diametroko burdinazko bola eta 200 oin luzeko altzairuzko alanbrea erabili zituen. Kupulatik zintzilikatutako bolak ardatz txiki bat zeukan muturrean, elizako zoruan zabaldutako hondarrean markak egin zitzan.

Bola elizako horma bateraino ekarri eta lokarri botez lotu zuten. Bibrazio eta haizerik egon ez zedin saiatu ziren. Horregatik soka ebaki ez (dardarak eragingo zituztelako) eta erre egin zuten. Denbora igaro ahala, elizan geldirik zegoen jendeak lurreko markak norabidez aldatu egiten zirela garbi ikusi ahal izan zuen. Pariseri zegokion latitudeak eskatu ahala ari zen doi-doi biratzen.

Galileoz geroztik zientzilariek onartu egiten zuten Lurra biraka ari zela, baina Foucaultek bere saiakuntzaz begi-bistan jarri zuen fenomeno hori.

1852an, ertz lodiko gurpil bat azkar birarazi zuen eta grabitazioaren eraginak aztertuz giroskopioa asmatu zuen. Fenomeno giroskopikoei buruzko lehen teoria ere berari zor zaio.

1855ean Londresko "Royal Society" erakundeak domino eman zion bere zientzi lanengatik eta Parisko Behatoki Inperialean ere postua eskaini zioten.

1857an merkuriozko etengailua asmatu zuen, oraindik ere indukzio-bobinetan erabiltzen delarik.

Arago-ren "biraketa-magnetismoa" masa metalikotan induzitutako korronteak ("Foucaulten korronteak") zeudelako gertatzen zela adierazi zuen.

Urte hartan teleskopiotan beirazko ispilu zilarreztatuak ispilu metalikoez ordezkatzen hasi zen. Ispilu parabolikoak fabrikatzeko hobekuntzak ere asmatu zituen. Isladapen osoko prisma duten teleskopio klasikoak bestetik, berak asmatu zituen.

Bere jaioterrian, Parisen hil zen 1868ko otsailaren 11 n.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia