Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan
2020/09/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Artizarraren atmosferan fosfanoa detektatu dutela jakinarazi du Nature Astronomy aldizkariak. Aurkikuntza horrek iradokitzen du Artizarrak prozesu fotokimiko edo geokimiko ezezagunak izan ditzakeela.
Lurrean, batez ere iturri biologiko anaerobikoek sortzen dute fosfano gasa. Baina ikertzaileek gogorarazi dute Artizarraren azaleko kondizioak ez direla egokiak bizia sortzeko. Bestalde, hodeiaren goiko estalkiko giroa epela da; hodeien konposizioa, berriz, oso azidoa. Kondizio horietan, fosfanoa oso azkar suntsituko litzateke.
Cardiffeko Unibertsitateko astronomoek gidatutako taldeak 2017an eta 2019an behatu zuen Artizarra James Clerk Maxwell Teleskopioaz eta Atakamako ALMA teleskopioaren bidez. Fosfanoaren berariazko espektro-sinadura aurkitu zuten, eta haren jatorria azaltzeko hipotesiak ere aztertu dituzte, hala nola planetaren azaleko iturriak, mikrometeoritoak, tximistak edo hodeien barruan gertatzen diren prozesu kimikoak.
Ikertzaileek ez dute lortu fosfanoaren jatorria argitzea. Lurrean jatorri biologikoa duen arren, Artizarran ez duela zertan hala izan ohartarazi dute. Are gehiago, prozesu geologiko edo kimiko ezezagunak daudela adierazten duela iradoki dute, eta behaketa eta ikerketa gehiago behar direla haren jatorria azaltzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia