Fluoxetina antidepresiboaren eragina, hurrengo belaunaldietan ere bai
2018/12/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
![fluoxetina-antidepresiboaren-eraginak-ondorengoei-](/media/photologue/photos/cache/Larvae1_article_big.png)
Fluoxetina sendagaia Prozac izenez merkaturatu zen lehen aldiz, eta oso erabilia da depresioa tratatzeko, baita haurdunetan ere. Orain, Otawako Unibertsitateko ikertzaileek haren eragina hobeto ezagutu behar dela ohartarazi dute, zebra-arrainetan egindako esperimentuetan frogatu baitute botikaren ondorioak hurrengo belaunaldiei ere nabaritzen zaizkiela.
Esperimentuan, zebra-arrainen enbrioi arrak sei egunez izan zituzten fluoxetinaren eraginpean. Ondoren, jarraipena egin zieten, eta ikusi zuten kortisol-maila baxua zutela (depresioan kortisol-maila altua izaten da), eta apaltze horrek heldutan ere irauten zuela. Are gehiago: hurrengo hiru belaunaldietan ere kortisol-maila ohi baino baxuagoa zen. Horrekin batera, ingurua esploratzeko joera ere galtzen zutela ikusi dute.
Gogorarazi dutenez, pertsonetan, kortisol-maila baxua neke kronikoarekin eta beste asaldura batzuekin lotzen da. Horrenbestez, fluoxetina epe luzez eta haurdunek erabiltzeak eragin ditzakeen ondorioak hobeto ikertzeko eskatu dute ikertzaileek.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia