}

Fisio likidoa, fisio gaseosoa

2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atomoen nukleo handi bat neutroi batez bonbardatuz gero, bi nukleo txikitan bana daiteke. Adibidez, uranio-atomo batetik telurio- eta zirkonio-atomo bana ateratzen dira. Hori ez da berria, ikerketa nuklearreko ohiko fisioa da. Estatu Batuetako Indiana Unibertsitateko fisikari batzuek fisio hori egoera likidoan gertatuko balitz bezala azaldu dute, tanta handi bat bi tanta txikiagotan banatzeko prozesuaren antzekoa delako.

Hala ere, konparazioari eutsiz, fisioa egoera gaseosoan ere gerta daitekeela frogatu dute fisikari horiek. Horretarako, neutroiez izan beharrean, protoiez, antiprotoiez eta pioiez bonbardatu dituzte urre-atomoak. Neutroiek energia oso txikia dute, eta beste partikula horiek, aldiz, energia oso handia izan dezakete talka gertatu baino lehen. Zientzialarien ustez, energia-maila batetik gora, 8 MeV-tik gora, urre-atomoak, partikula txiki pila bat sortuz, 'desintegratu' egiten dira. Esperimentu horietan sortutako partikulen tamaina eta energia neurtuko dituzte, nukleoen ezaugarriak aztertu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia