}

Fisikaz gozatzen (II)

1994/03/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Argazki xelebreak

Urtarrileko alean esan genuenez, badakigu argi-izpiak linealki hedatzen direla. Are gehiago, propietate horren erabilpen bat ikusi genuen ziluetagintzan, hain zuzen. Ikus dezagun orain propietate horren beste erabilpen bat, hau da, “argazki xelebreak”.

Ohizko foto-makina funtsean zulo bat daukan ganbara iluna baino ez da. Zulo biribil hori itxita egon ohi da eta, barnealdetik, ganbararen aurreko horman, grabatuko den mintza edo pelikula dago. Zuloa irekitakoan argi-izpiak kanpotik sartu egiten dira eta mintzaren kontra jotakoan zekarten irudia grabatu egiten dute. Irudi hori hobea izan dadin foto-makinek zuloan lente bat (objektiboa, alegia) eraman ohi dute, baina berez hori ez da derrigorrezkoa.

Objektibo gabeko foto-makina baten barietate bitxi bat, zirrikituarena da. Honek zulo biribil bat eduki beharrean, bi xaflatxo ditu eta bakoitzak zirrikitu bat darama. Nola funtzionatzen duen ikusteko, onar dezagun zirrikitu horietako bat bertikala dela (B xaflarena) eta bestea horizontala (C xaflarena).

B eta C xaflak bata bestearen gainean jartzen baditugu, D objektutik irteten diren izpiak zulotxo bat aurkituko dute eta A mintzaren gainean ohizko irudi bat izango dugu. Aldiz, B eta C xaflen artean distantzia badago (irudian azaltzen den bezala) D objektuaren irudia A mintzaren gainean desitxuratuta agertuko da. Zergatik hori?

D objektuaren (gurutze bat da) lerro bertikaletatik irteten diren izpiak C zirrikitutik pasatuko dira hau zulo biribila izango balitz bezala eta bigarren xaflaren zirrikituak ez ditu hauen ibilbideak oztopatuko. Beraz, A mintzean agertzen dena D-ren lerro bertikalaren irudia izango da; handiagoa ala txikiagoa, C eta A-ren artean dagoen distantziaren arabera.

Aldiz, D-ren lerro horizontalarekin ez da beste horrenbeste gertatuko. Honen izpiak C ren zirrikitutik besteak bezala pasatuko dira, lasai-lasai eta inongo desitxuraketarik gabe; zulo biribil bat izango balitz bezala, alegia. Baina B xaflaren kontra jotakoan, berriro ere zulo biribilaren antzeko zerbait aurkitzen dute eta A mintzean ematen dutena A eta B-ren arteko distantziaren araberakoa izango da.

Beraz, kasu honetan D-n dagoen objektuaren lerro bertikalentzat C xaflan zulo biribila izango bagenu bezala da eta lerro horizontalentzat zuloa B xaflan izango litzateke. A eta C-ren arteko distantzia A eta B-ren artekoa baino handiagoa denez gero, A mintzean agertzen diren dimentsio bertikalak horizontalak baino handiagoak dira, hau da, irudia desitxuratua agertzen da; bertikalki luzatua, alegia.

Zer esanik ez, C-n daukagun zirrikitua bertikala izango balitz eta B-rena horizontala, desitxuraketa alderantzizkoa izango litzateke, hots, horizontalki handiagotua. Zirrikituak beste edozein posiziotan jarrita lortutako irudiak, beste desitxuraketa bat izango du. Hau dela eta, benetako argazkia ez eta karikatura edo irudi xelebrea lor dezakegu.

E. Gonzalez

Honelako foto-makinek beren erabilpen praktikoak izaten dituzte, arkitektura- eta dekorazio-arloetan batez ere.

Argi-izpien abiadura dela eta

Denok dakigunez, argia, bere hedapenean, abiadura batez higitzen da, hots, 300.000 km/s-ko abiaduraz. Beraz, edozein fokutatik gure begietaraino heltzeko denbora beharko da. Hau dela eta, egin diezaiogun gure buruari ondoko galdera: toki batean Eguzkia goizeko seietan irteten dela ikusten badugu, zer ordutan ikusiko genuke irteera hori baldin eta argiaren abiadura infinitu izango balitz, hau da, izpiak atera bezain laster iritsiko balira?

Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia dela eta, argiak hori betetzeko zortzi minutu behar ditu. Beraz, argia bapatean etorriko balitz Eguzkiaren irteera zortzi minutu lehenago ikusi beharko genuke, hau da, bostak eta berrogeita hamabian puntu puntuan. Ados al zaude?

Ba, ez. Emaitza hori guztiz oker dago. Hori gertatuko balitz ere, seietan ikusiko genuke Eguzkiaren “irteera”. Baina, hori nola liteke? Oso erraza. Eguzkiaren “irteera” ez da irteera, Lurraren esferaren birari dagokio eta aldez aurretik argituta zegoen espazio batera Lurra sartzea baino ez da esandako “irteera” hori. Beraz, argiaren abiadura bat ala bestea izan, kasu honetan beti Eguzkia seietan ikusiko genuke.

Beste gauza bat da behatokietan Eguzkiaren gainazalean leherketa bat edo teleskopioaren bitartez ikusten dutenean. Orduan bai, ikusitakoaren eta gertatutakoaren artean dagoen epea esandako zortzi minutuko hori da, baina hori ez zen gure galdera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia