}

Fisikako Nobel saria: quark-en mundua gertuago

2004/10/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

2004ko Fisikako Nobel saria David Gross, David Politzer eta Frank Wilczek ikertzaile estatubatuarrek jasoko dute. Hirurek naturako partikularik txikienen inguruko lanak egin dituzte, quark-en ingurukoak, alegia. Hain zuzen, quark-en arteko elkarrekintza nolakoa den argitu dute.

Ez da edozein txikikeria hiru ikertzaileek egindako lana. Epaimahaikideek adierazi dutenez, oinarrizkoa izan da naturako indarrik garrantzitsuenetako bat ulertzeko: indar nuklear bortitza. Indar horrek mantentzen ditu quark-ak partikula subatomikoetan bateratuta eta ez zegoen argi zergatik ez duten aldentzeko joera.

David Gross, David Plitzer eta Frank Wiczek

Materiaren oinarrizko partikulak dira quark-ak; naturako edozein objektu haiez osatuta dago, baita nukleo barruko protoiak ere. Hain ugariak izanik ere, zaila gertatzen zen quark-en arteko elkarrekintza ulertzea. 1970eko hamarkadan David Gross , David Politzer eta Frank Wilczek azalpen teorikoa eman zioten arazo horri: quark-ak espazio ñimiñoetan itxita geratzen dira, lotzen dituen indarrak ez dielako urruntzen uzten. Hiru ikertzaileen kalkulu matematikoen arabera, quark-en arteko distantzia handitu ahala, haien arteko elkarrekintza ere nabarmendu egiten da. Hasiera batean kontraesana zirudien, espero izatekoa baitzen distantzia txikietan elkarrekintza errazago emango zela, baina saritutako ikertzaileek aurkakoa gertatzen zela adierazi zuten: zenbat eta gehiago gerturatu, askeagoak direla quark-ak. Beraz, oso gertu dauden kasuetan elkarrekintza ia antzeman ezina da, aske balira bezala jokatzen dute.

Horregatik, 'askatasun asintotikoa' deitu zioten fenomenoari, eta oso aurrerapauso garrantzitsua izan da fisikaren proiekturik zaharrenarentzat: naturako indar-mota guztiak ekuazio-sistema bakar batean bateratzea. Izan ere, bost dira naturaren oinarrizko indarrak: elektrikoa, magnetikoa, grabitazionala eta indar nuklear ahula eta bortitza. Horietako bakoitzak materiaren maila jakin batean du eraginik handiena. Indar guztiak bateratu eta ekuazio-sistema bakarraz azaltzea lortuko balitz, natura hizkuntza sinpleago batez ulertu ahal izango genuke.

Agerikoena grabitatea da guretzat: planetak eta galaxiak berak indar horren arabera mugitzen dira, eta nola ez, baita gure inguruko objektu makroskopikoak ere. Baina gainerako indarrak materiaren maila oinarrizkoagoetan bereizten dira gehien. Esaterako, indar elektrikoak atomo-barruko elektroien eta protoien arteko elkarrekintzan parte hartzen du, eta, beraz, atomoen eta molekulen arteko erreakzioak bideratzen ditu. Aurten Nobelaz saritutako ikerketek are maila txikiagoetan azaltzen diren indarrak aztertu dituzte, eta behar-beharrezkoak gertatu dira naturako indar-mota guztiak bateratzeko proiektu horretan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia