}

Fisikako Nobel Saria Eric A. Cornell, Wolfgang Ketterle eta Carl E. Wieman fisikarientzat

2001/10/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Materiaren bosgarren egoera posible egin zuten zientzialariek saria jasoko dute abenduan.

1924an Satyendra Nath Bose fisikari indiarrak partikula arinei buruzko kalkulu batzuk egin zituen. Kalkulu horien emaitzak Albert Einstein-i bidali zizkion, eta bien artean materiaren egoera berri baten teoria garatu zuten. Prozesua gasetik likidora pasatzekoaren antzekoa da eta, horregatik, kondentsazioa zela esan zuten. Beraz, egoera berri horri Bose-Einstein kondentsatua deritzo.

Teoriak zioenez, bosoiak tenperatura batetik behera hoztuz gero, bosoietako asko oinarrizko egoera kuantikoan, hau da, energia minimoaren mailan, pilatu egin daitezke. Ideia hori bera fermioiei aplikatzeko oztopoa Pauliren esklusio-printzipioa da, eta, beraz, ezin da partikula-mota horrekin pareko kondentsaturik lortu.

Bose-ren eta Einstein-en garaian ez zegoen kondentsatu hori lortzeko modu praktikorik. 1995ean, ordea, laser bidezko hozte-teknikak erabiliz, laborategi batean egin ahal izan zen. Eric A. Cornell eta Carl E. Wieman-ek egin zuten esperimentua, rubidio-atomoak 20 nanokelvin-eko tenperaturan jarrita. Wolfgang Ketterle-k, bere aldetik esperimentu bera egin zuen sodio-atomoak erabilita.

Bose-Einstein kondentsatuari jada aplikazioak bilatu zaizkio, besteak beste ordenagailu kuantikoak erabiliko dituen txipak egiteko.

Abenduaren hasieran, ikerketa horrengatik, hiru zientzialariek aurtengo Fisikako Nobel Saria jasoko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia