}

Feromonak eta patata-zomorroa

2002/09/25 Elhuyar Zientzia

Feromonak animaliak erakartzen dituzten eta era jakinean portarazten dieten substantziak dira. Horien artean, oso ezagunak dira arrak erakartzen dituzten feromonak. Orain, AEBetako Nekazaritza Ikerketako Zerbitzuko zientzialariek bi sexuetako patata-zomorroak erakartzen dituen feromona bat aurkitu dute.

Arrez gain emeak ere erakartzen dituen feromona lortzeak garrantzi handia du. Izan ere, izurriteak kontrolatzeko tranpa egiteko erabil daiteke. Orain arte arrak erakartzen dituena bakarrik ezagutzen zenez, gehienez ere patata-zomorroen populazioa zenbatzeko erabil zitekeen. Horrekin, izurritea kontrolatzeko zein metodo erabili erabakitzen zen, baina ez zuen tranpa moduan erabiltzeko balio, tranpari ihes egindako ar gutxi batzuk nahikoak direlako izurritea zabaltzeko. Hain zuzen, ugaltzeko gaitasuna emeen kopuruaren araberakoa da.

Aldiz, bi sexuetako patata-zomorroak erakartzen dituen feromona oso tranpa eraginkorra egiteko erabil daiteke: feromonaren bidez patata-zomorroak leku batera bideratzen badira, nahikoa da leku horretan pestizida pittin bat jartzea denak akabatzeko. Hartara, ez dago sail osoan pestizida pila bat zabaldu beharrik.

Patata-zomorroak mundu osoan sortzen dituen kalteak kontuan hartuta, feromona horretan oinarritutako metodoak ez dirudi irtenbide txarra. Zientzialariak dagoeneko ari dira metodoa lantzen; emaitza ikusi egin behar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia