FemSTEM


Bi urtez, EHUko emakume zientzialarien talde bat FemSTEM proiektua lantzen aritu da, Europako bazkideekin batera. Duela gutxi kaleratu dute emaitza, eta denen eskura jarri dute. Besteak beste, tresna pedagogikoak sortu dituzte, ikus-entzunezko materialak, mentoretza-sareak eta baliabideak, helburu hauekin: emakumeen parte-hartzea bizkortzea STEM-eremuan, haien talentua ikusaraztea, eta neska gazteak STEM arlotik kanpo uzten dituzten estereotipoak desegitea.

Diziplina askotako irakasle eta ikertzaileak aritu dira elkarlanean proiektuan, eta oinarrizko bi galderari erantzuteko eskatu die Elhuyar aldizkariak: zergatik den garrantzitsua emakumeak egotea STEM arloan, batetik; eta zergatik dagoen genero-arrakala eta zer egin daiteke ixteko, bestetik. Nahia Idoiaga Mondragonek eta Inge Axpe Saezek erantzun diote lehen galderari, eta Esther Acha Peñak eta Eva Epelde Bejeranok bigarrenari. Laurak bat datoz: emakumeak STEM arloan egotea ezinbestekoa da ezagutza hobea sortzeko, eta erantzun integratu bat behar da STEM arloetako genero-arrakala ixteko.

Zergatik da garrantzitsua emakumeak egotea STEM arloan?

Nahia Idoiaga Mondragon

Inge Axpe Saez

Psikologian doktoreak

Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika (STEM) ez dira soilik jakintza-arloak; gizartea ulertzeko, arazoak definitzeko eta etorkizuna irudikatzeko markoak dira. Horregatik, emakumeek STEM arloan duten presentzia urria ez da kasualitatea, eta ez da interes pertsonalen edo gaitasun indibidualen bidez soilik azaldu daitekeen fenomeno bat. Aitzitik, sozializazio- eta hezkuntza-prozesu luze baten emaitza da, non mezu esplizituek zein inplizituek eragin zuzena duten norberaren identitatean eta aukeretan. Inozoa dirudien arren, pentsa dezagun zer erosi diegun gabonetako garai hauetan gure inguruko haurrei. Txiki-txikitatik eta era oharkabean sustatzen dugu mutilak eraikuntzetan, gaitasun espazial eta matematikoetan trebatzea, eta, aldiz, neskak zaintzan, harremanetan eta irudi pertsonalean. Lehen haurtzarotik testuinguruak horretara bideratzen dituelarik, nola ez dira erosoago sentituko eta, ondorioz, nola ez dituzte hainbat orduz jolasaren bidez trebatuak izan diren arlo horiek aurrerago aukeratuko: zientziazkoak gehiagotan mutilek; hizkuntza eta arlo soziala neskek?

Psikologiatik eta hezkuntzatik badakigu identitate profesionala ez dela hutsetik sortzen. Haurren eta gazteen autokontzeptua, itxaropenak eta “nor naiz ni honetarako” galderari ematen dioten erantzuna testuinguru sozialean eraikitzen dira. Jakin, badakigu, neskek jada 6 urterekin ez dutela haien burua mutilek bezain adimentsu baloratzen, eta ezberdintasun hori handitu baino ez da egingo testuinguruko baldintzak, ereduak eta mezuak aldatu ezean. Eskolan, familian eta gizartean jasotzen diren diskurtsoek, ereduek eta itxaropenek baldintzatzen dute zer ikusten duten posible eta zer ez. STEM arloan emakumeen presentzia eskasa denean, mezua argia da, nahiz eta askotan isila izan: arlo hori ez da “haientzat”. Gainera, berdintasunaren alde, erreferente bakarra agertzen dugunean salbuespen gisa, mezua are indartsuagoa da “emakume oso bereziek bakarrik” lor dezakete, salbuespen bakar batzuek baino ezin dezakete lekua izan berez eta “naturalki” ez dagokien STEM arloan.

Erreferenteen absentzia honek eragin berezia du. Emakumeek zientzian eta teknologian duten ikusgarritasun txikiak zaildu egiten du neskek beren burua rol horietan irudikatzea. Arazoa ez da, gainera, emakume zientzialarien falta: historian hainbat eta hainbat emakumeren presentzia eta aurkikuntzak egon dira, baina haien lana isildu egin da, askotan gizonei egotzita. Historia horiek “ertzetan” mantentzeak pentsarazten du gaur egun oraindik ere gizonen eremua dela. Horregatik, askotan, STEM arloetara bideratzen diren ikasle emakumeek aitortzen dute beren motibazio-iturria familia kide bat izan dela; gehienetan, arloan diharduen emakume bat.

Ez da inspirazio kontu hutsa; identitate-eraikuntzarekin zuzenean lotutako prozesua da. Ikasle batek ezin badu bere burua ikusi zientzialari, ingeniari edo teknologo gisa, zaila da bide hori hautatzea, nahiz eta gaitasunak eta interesa izan.

Horregatik, emakumeak STEM arloan egotea ez da soilik berdintasun- edo justizia-kontua. Ezagutza bera dago jokoan. Ikerketa-galderak, diseinu teknologikoak eta berrikuntza-prozesuak ez dira neutroak: egiten dituzten pertsonen esperientziek eta begiradek baldintzatzen dituzte. Talde homogeneoek ikuspegi mugatuagoak sortzen dituzte; talde anitzek, aldiz, arazo konplexuei erantzun aberatsagoak emateko gaitasuna dute. Emakumeak STEM arloan egotea, beraz, ezagutza hobea sortzeko baldintza ere bada.

Hezkuntza-esparruan egindako esku-hartzeek erakusten dute arrakala ez dela saihestezina. FemSTEM bezalako proiektuek agerian uzten dute zer funtzionatzen duen: erreferente femenino errealak ikusaraztea, mentoring-harremanak sortzea, eta ikasleen autokonfiantza eta STEM identitatea lantzea. Ez da nahikoa ateak irekita egotea; barrura sartzeko eta bertan garatzeko baldintzak sortu behar dira.

Azken batean, STEM arloa funtsezkoa da etorkizuneko erronka sozialei aurre egiteko. Galdera ez da emakumeek STEMen egon behar duten ala ez, baizik eta zer nolako gizartea eraiki nahi dugun. Emakumeak STEM arloan egotea ez da kasualitatea izan behar, baizik eta hezkuntza- eta gizarte-prozesu kontziente baten emaitza. Hor dago gakoa: gaur egungo hezkuntza-prozesuek etorkizuneko belaunaldiek beren burua non ikusten duten baldintzatzen dute.

Zergatik dago genero-arrakala, eta zer egin daiteke ixteko?

Esther Acha Peña

Material Aurreratuen Ingeniaritzan doktorea

Eva Epelde Bejerano

Ingeniaritza Kimikoan doktorea

STEM arloetako emakumeen presentzia txikia zenbait faktore kultural, sozial eta psikologikoren konbinazioaren ondorio da, eta faktore horiek elkar elikatzen dute haurtzarotik. Neskak perfekzioaren presiopean hazten dira askotan, eta mutilak, berriz, arriskuak hartzera eta akatsetatik ikastera bultzatzen dira. Hezkuntza-eredu desberdin horrek eragina du konfiantzan eta erronka konplexuei aurre egiteko jarreran. Autopertzepzio mugatua gehitu behar zaio horri: neska gazte askok zientzia eta teknologiarako duten gaitasuna gutxiesten dute, emaitza akademiko bikainak izan arren, eta horrek interes profesionala eta aurrera begirako espektatibak murrizten ditu. Gainera, zientzialariaren edo ingeniariaren irudi nagusia maskulinoa da oraindik ere, eta horrek emakumeen identifikazioa eta motibazioa zailtzen ditu. Eta arrakala hori indartu egiten du hezkuntzan eta komunikabideetan nabarmena den emakumezko erreferenteen faltak.

Europako datuei begiratuz gero, azken hamarkadetako bilakaerak erakusten du aurrerapena desorekatua dagoela. Nahiz emakumeen presentzia handitu egin den arlo batzuetan —biomedikuntzan, adibidez—, presentzia hori oso txikia da oraindik ere ingeniaritzan, informatikan eta matematikan. Izan ere, matematika-ikasketek, esate baterako, beherakada nabarmena izan dute hezkuntzara eta ikerkuntzara bideratutako ikasketak izatetik ingeniaritzara bideratutako gradu bihurtu zirenetik, eta horrek pertzepzio jakin bat sortu du: ikasketa horiek zailagoak direla edo irteera profesionala korapilatsuagoa dutela. Antzeko zerbait gertatu da informatika-ikasketekin ere: hasieran, diziplina metodiko eta lehia-maila txikiagokotzat jotzen zen, eta esanguratsua zen emakumeen parte-hartzea; gaur egun, ordea, enpresa teknologiko handiekin eta ingurune oso lehiatsuekin lotuta ageri da, eta maskulinizatu egin da.

Arrakala hori murrizteko, komeni da maila anitzetan jardutea. Berdintasunean oinarritutako hezkuntzak familian, eskoletan eta eguneroko espazioetan hasi behar du. Komunikabideek, publizitateak, musikak edo jostailuek transmititzen dituzten mezuek eragina dute rol eta espektatiben eraikuntzan, eta, beraz, funtsezko urratsak dira STEM arloko emakume errealak telebistan, kanpainetan eta haur-liburuetan erakustea, jakin-mina eta esperimentazioa sustatzen dituzten jolasak eskaintzea eta komunikazioan estereotipoak saihestea. Era berean, garrantzitsua da albisteek eta kultura herrikoiak emakumeek zientzian eta teknologian duten benetako eragina erakustea, neskak erreferente askotarikoekin haz daitezen, eta sinets dezaten beren gaitasunak edozein arlotan duela tokia. Garrantzitsua da neskei argi adieraztea ez dutela zertan Marie Curie izan zientziari heltzeko; izan ere, profil eta ibilbide askotarikoentzako espazio profesionala da zientzia.

STEM arloetan emakumeen garapena sustatzeko estrategia giltzarrietako bat mentoretza-programak sortzea izan daiteke, non ikertzaileek eta profesionalek ikasleei lagunduko baitiete konfiantza eta ikusgaitasuna sendotzeko. Halaber, eraginkorra da entrenatze-ereduak aplikatzea, helburuak definitzen, errealitatea aztertzen, aukerak esploratzen eta ekintza-planak diseinatzen laguntzen baitute, eta erakusten baitute konfiantza faltari aurre egiten eta denboraren antolaketari edo erabakiak hartzeari lotutako erronkei erantzuten. Beste alderdi funtsezko bat iruzurtiaren sindromeaz jabetzea da, zeinak bereziki emakumeei eragiten baitie ingurune oso lehiakorretan. Horretarako, baliagarriak dira pentsamendu negatiboak kudeatzeko, hazkunde-mentalitatea sustatzeko eta laguntza-sare sendoak sortzeko estrategia praktikoak jasotzen dituzten gidak eta tresnak. Gainera, garrantzitsua da STEM ezagutza berrikuntza sozialarekin lotzen duten tailerrak eta jarduerak ere bultzatzea, arrakasta-eredu askotarikoak erakusteko eta ikasleei aukera emateko beren gaitasunak benetako proiektuetan aplikatzeko. Testuinguru horretan, beharrezkoa da, halaber, akatsak ikaskuntza-prozesuaren parte direla aitortzen duten inguruneak sustatzea. FemSTEM proiektuaren helburu nagusietako bat, hain zuzen, alderdi horiek guztiak jorratzea izan da.

Beraz, erantzun integratu bat behar da STEM arloetako genero-arrakala ixteko. Horri esker, aurrera egingo da aukera-berdintasuna bermatzen duen STEM sektore bat lortzeko, zeina gai izango baita berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa bultzatzeko, gizartean eskuragarri dagoen talentu guztia baliatuz.

Nahia Idoiaga Mondragon

Inge Axpe Saez

Psikologian doktorea

Esther Acha Peña

Material Aurreratuen Ingeniaritzan doktorea

Eva Epelde Bejerano

Ingeniaritza Kimikoan doktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali