}

Ezinezko tifoia

2003/04/10 Elhuyar Zientzia

Ezinezkoa omen tifoia 2001eko abenduan sortu zen Singapur inguruan. Eta meteorologoak harrituta utzi zituen, ekuatoretik oso gertu sortu baitzen. Teorian, tifoiak (edo zikloiak, edo urakanak) ezin dira ekuatoretik gertu sortu, urakanak higiarazten duen indarra ‘zero’ delako ekuatoreen inguruan.

Urakanek Lurraren errotazioaren ondorioz sortutako indarrak mugitzen dituzte. Indar horrek kontrako noranzkoak ditu ipar- eta hego-hemisferioetan eta ekuatore inguruan deuseztatu egiten da. Horregatik, 5º N eta 5º S latitudeen artean ez da urakanik sortzen. Baina Vamei tifoia 1,3º N latitudean jaio zen eta 140 km/h-ko haizea sortu zuen.

Meteorologoek orain eman dituzte fenomeno bitxi haren azalpenak. Hainbat gertaera batera eta toki egokian jazo zirelako sortu omen zen ezinezko ekaitza. Izan ere, Txina hegoaldeko itsasoaren gainean trumoi-ekaitzez osatutako zurrunbiloa zegoen egunetan, montzoi-haize heze eta handiak sartu ziren. Haize horien indarra aski izan zen
trumoi-ekaitzak Lurraren errotazioaren laguntzarik gabe mugiarazteko, eta ekaitzek eta haizeek tifoia sortu ahal izateko behar beste denbora iraun zuten. Eta hori dena toki egokian gertatu zen, Txina hegoaldeko itsasoaren tamaina nahikoa baita tifoia sortu ahal izateko.

Horrelako beste bat noiz gertatuko den jakiterik ez dago, baina ikerketa egin duen zientzialariaren arabera, kondizio horiek ez dira beste
100-400 urtean errepikatuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia