Elhuyar Zientzia Azokako sariak banatu dira

2025/05/31 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Bilboko Areatzan egin den sari-banaketarekin amaitu da 2025eko Elhuyar Zientzia Azoka. Sarituek Espainiako eta nazioarteko azoketarako bidaiak eta ikasketa-bekak jaso dituzte.

 
eza-sariak-banatu-dira

Bilboko Areatzan egin den sari-banaketarekin amaitu da 2025eko Elhuyar Zientzia Azoka. Ekitaldia 13:00etan egin da, eta Joanes Echeveste Dernet aktoreak eta Sara Alicante Martínez zientzialariak gidatu dute. Elhuyar Zientzia Azokaren babesleek eta Elhuyarreko kideek eman dituzte sariak.

 Hauek izan dira proiektu sarituak:

  • Miguel de Unamuno BHI ikastetxeko “JEIKIT: Mugikortasun Arazoei bideratutako autonomizazio sistema” proiektuaren Ander Arantzamendi irakasleak jaso du Ciencia en Acción azokan parte hartzeko aukera.
  • Elgoibarko Bizilbeko taldeko “Lyme gaisotasuna saihesten laguntzen duen aplikazioa” proiektuak jaso du Galiciencia azokan parte hartzeko aukera.

Sariak Amaia Esquisabel Alegria-k  eman ditu, Eusko Jaurlaritzako Zientzia politikako zuzendariak.

  • Laudioko Bizilabeko taldeko “Esekitoki automatikoa” proiektuak jaso du Ciencia en la Calle azokan parte hartzeko aukera.
  • Mungiako Larramendi ikastetxeko “Liztor asiatikoa tranpatzea” proiektuak jaso du Open Science azokan parte hartzeko aukera.

Sariak Isabel Sarrionandia-Ibarra Fernandezek eman ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko buruak.

  • Beasaingo Lasalle ikastetxeko “Errenazimenguko muraleen zaharberritzea Adiemen Artifizialarekin” proiektuak jaso du Vilaciencia azokan parte hartzeko aukera.
  • Etxarri Aranatzeko Andra Mari ikastetxeko “Auto berriztagarria” proiektuak jaso du Exporecerca Jove azokan parte hartzeko aukera.
  • IES Joan Coromines (Valentzia) ikastetxeko “NEXUS” proiektuak jaso du Mostra Nacional Portuguesa azokan parte hartzeko aukera.

Sariak  Kontxi Claver Zurrok eman ditu, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen,  Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak.

  • Leitzako Amazabal BHI ikastetxeko “Onddoen eragin antibiotikoa” proiektuak jaso du Exporecerca Jove azokan parte hartzeko aukera.
  • Miguel de Unamuno BHI ikastetxeko “Mugikortasun Arazoei bideratutako autonomizazio sistema” proiektuak jaso du Feria de Sevilla azokan parte hartzeko aukera.
  • Iruñeko Biurdana BHI ikastetxeko “Hobetu daiteke adineko pertsonen egoera botikarik gabe?” proiektuak jaso du Milango I Giovani e le Science azokan parte hartzeko aukera.

Sariak Jon Abril Olaetxeak eman ditu, Elhuyarreko Koordinatzaile nagusiak.

Elhuyar Zientzia Azoka

Aurtengo Elhuyar Zientzia Azokak lau egun iraun du, maiatzaren 28tik 31ra, eta Bilboko Areatzan egin da. Bertan, 160 proiektu egon dira ikusgai eta 60 ikastetxetako 640 gaztek hartu dute parte. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izan dira: 9 talde etorri dira Bilbora.

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute Azokan. Azpimarratzekoa da, gainera, haiek guztiek proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako 94 ikertzailek (haien artean, 51 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko, eta azoka-egunetan 73 ikertzaile aritu dira (haien artean, 45 emakume)  ebaluatzaile-lanak egiten.

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia