"Ez da berdina hezur biluziak edo jantziak ere topatzea: arropek hurbildu egiten gaituzte"
2013/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nik uste dut bakoitzak duela berea. Kronologiak, adibidez, garrantzi handia du. Neolito garaiko giza aztarnek berez dute interesa, oso-oso aztarnategi gutxitan daudelako, eta, beraz, aukera gutxi ditugulako halakoak aztertzeko. Eta, beste batzuetan, bitxikeria batek pizten dizu interesa. Bakoitzak du bere xarma.
Noski. Ez baitzaude hezur batzuen edo objektu batzuen aurrean, baizik eta pertsonen aurrean. Inguruan familiakoak izaten ditugu askotan, eta haiek izen-abizen batzuk ematen dizkigute, esaten digute zein zen hildako senidearen ideologia, pentsaera, zer harreman zituen... Zeharo desberdina da.
Neolito garaiko hezur batzuk dituzunean, eskeleto bat, objektu baten aurrean zaude. Ikerketa zientifikorako interes handia du, baina objektu bat da. Aldiz, beste kasu horietan, pertsonak dituzu aurrean, eta oso desberdina da. Arropengatik bakarrik, desberdina da jada...
[Eten txiki bat egin du hizketan jarraitu aurretik]. Hezurrak biluzik aurkitzea edo jantziak ere topatzea, ez dakizu zer alde dagoen! Arropak pertsona bihurtzen duelako. Izan ere, eskeletoa giza hezurrak dira, eta kito. Baina jantziak dituenean, pertsona baten aurrean aurkitzen zara. Hurbil sentitzen duzu. Eta jantzi horietan, gainera, egon daitezke pertsona horri buruz hitz egiten diguten objektuak: poltsiko batean daraman txanpona, edo labana, edo paperak! Eta horiek, hurbilketan asko laguntzen dute.
Hezurretatik, sexua eta adina bereizi ditzakegu, eta, askotan, zer patologia zituen ere jakin dezakegu. Malformazioak bazituen ere ikusten da... Horiek, alderdi morfologikotik. Eta, gero, objektuek ematen diguten informazioa. Batzuetan, zer lanbide zuen esaten digute: arotza bazen, agian arkatz bat darama; edo jostuna zen, eta orratzak aurkitzen ditugu. Demagun errege baten hilobia dela: hori adierazten duten objektu asko izango ditugu seguru asko. Beraz, objektuak oso lagungarriak dira historia osatzeko.
Bai, bai. Kristautasunean, hildakoak ahoz gora hilobiratzen ziren beti. Hortaz, baten bat ahuspez topatzen badugu, esan nahi du zigorra jaso zuela. Gainera, hilerritik kanpo lurperatzen zituzten. Bestela, hilerrian eta ahoz gora lurperatzen ziren, eta, batzuetan, besoak bularraren gainean jarrita, edo sabelaren gainean... Gerra zibileko hobietan, berriz, askotan nolanahi botatzen zituzten gorpuak zulora. Orduan, edonola azaltzen dira, besoak eta hankak zabalduta, hezurrak hautsita, batzuk besteen gainean...
Bestela, erritoaren arabera, jarrera aldatu egiten da. Musulmandar gutxi tokatu zaizkigu, baina alboka lurperatzen dituzte, eta beti aurpegia Mekara begira dutela. Neolito garaian ere albo batera jartzen zuten gorpua, eta besoak eta hankak bilduta zituela, uzkurtuta.
Eta momiaren bat ere aurkitu izan dugu, adibidez, Arrasaten topatu genuen bat, XVI. mendekoa. Ez dira nahita momifikatutakoak izaten, kondizio klimatikoengatik berez momifikatutakoak baizik.
Askotan, bai. Adibidez, tiroz hil bazuten, normalean buruan jasoko zuen tiroa, hori delako norbait hiltzeko modurik eraginkorrena. Bada, guk bala nondik sartu eta nondik irten zen ikus dezakegu, eta hortik ondorioztatu nola egin zioten tiro.
Gutxi batzuetan, gorputzean jasotzen zuten tiroa. Badira kasu batzuk tiroa jaso ondoren bizirik jarraitu zutenak. Hori ere ikus dezakegu. Bitxikeria modura, topatu ditugu oso antzeko bi adibide, oso garai desberdinetakoak. Bat Neolitokoa da; gezi-punta bat du kubituaren eta erradioaren artean, eta oso ondo ikusten da hezurrak hazten jarraitu zuela, punta inguratu arte. Bestea gerra Zibilekoa da, eta hari ere berdina gertatu zitzaion: jaurtigai baten zati bat geratu zitzaion hezurrean sartuta, baina ez zen orduan hil, eta hezurrak jaurtigaia inguratu zuela ikus dezakegu. Bi kasuetan gauza bera gertatu zen, baina bataren eta bestearen artean 5.000 urte inguru daude.
Bestalde, noizean behin hobietan balak aurkitzen baditugu ere, ez da ohikoena izaten. Adibidez, Burgosen, La Andayan, balak hobiaren albo batean zeuden. Hau da, leku batean tirokatu zituzten, eta, gero, gorpuak hartu eta hobira bota zituzten.
Bai. Hobia Lerman dago, eta bertan 29 gorpu daude. Denek kargu politikoak zituzten: Burgoseko diputatua, Aranda de Dueroko alkatea, eta zinegotziak. Bat urrezko eraztun bati esker identifikatu genuen. Esku eskuineko hatz batean zuen jarrita, eta kendu genionean, ikusi genuen emakumezko baten izena zuela idatzita barrualdean, Benita, eta data bat, ezkontza-egunekoa. Horrekin, nor zen jakin ahal izan genuen: Tomas Requejo Requejo, Burgoseko diputatua.
Hori da. Batzuetan, objektu batek ematen dizu arrastoa, eta beste batzuetan, agian, analisi genetikoak. Baina ez pentsa analisi genetikoek erantzun guztiak ematen dituztenik. Gerta liteke DNA oso hondatuta egotea, eta ezinezkoa izatea analizatzea. Edo DNA izatea, baina ez izatea senitarteko aproposik alderaketak egiteko. Beti ez dugu lortzen jakitea jakin nahi dugun guztia; hori horrela da.
Arkeologoak; antropologoak, auzitegi-antropologoak gehienetan; biologoak; genetikariak; historialariak... Kasuaren arabera, soziologoak eta psikologoak ere batzen zaizkigu...
Bakoitzak ditu bere tresnak eta bere ikuspuntua, eta helburua da denon artean historia osatzea.
Garaia eta kasua zein den, batzuk edo besteak izango dira aproposak. Neolito garaiko arrastoekin, oso garrantzitsuak dira objektuak eta, batez ere, datazioa. Erradiokarbonikoa bada, hobeto, zer garaitakoa den zehazteko aukera ematen baitigu, eta, kasu horietan, hori da gehien interesatzen zaigun alderdietako bat.
Gerra Zibileko arrastoekin, aldiz, inportanteena identifikazioa da. Eta, horretarako, berebiziko garrantzia du genetikak. Hortaz, garaiaren eta jakin nahi dugunaren arabera aukeratzen ditugu teknikak.
Berez, kasuan kasu izaten da. Adibidez, oihalak. Gutxitan izaten ditugu ondo gordetako oihalak, baina sarkofago batean topatzen baditugu oihalak, kasu horretan oihaletan espezializatutako zaharberritzaileak aparteko garrantzia izango du.
Lehenengo, dokumentatu topatu nahi dugun horren gainean, aldez aurretik prospekzioak eginez, zundaketak...
Gerra Zibileko kasuetan, normalean familiakoek edo elkarteek eskatzen digute ikerketa egitea, eta haiek dakiten guztia esaten digute: hobia non dagoen, edo non lurperatu zuten... Orduan, gu hara joaten gara, beraiekin batera, eta indusketa arkeologikoa eta azterketa antropologikoa egiten ditugu in situ, lekuan bertan gauza asko behatzen ditugulako: zer jarreratan dauden gorpuak, zer objektu dauden eta norena den bakoitza, nolakoak diren...
Horrekin batera, krokis bat ere egiten dugu, marrazki bat, gauza guztiak kokatzeko, eta argazkiak ateratzen ditugu. Badakigulako, aztarnategi bat industen dugunean, desagertu egiten dela. Hortaz, ezinbestekoa da oso-oso ondo dokumentatzea.
Gero, laborategira eramaten ditugu gauzak. Eta hor hasten da laborategiko lana, bai hezurrekin, bai objektuekin. Hezurrekin, sexua eta adina bereizten ditugu, antropologikoki aztertzen ditugu...
Normalean, ez; baina egin daiteke. Esaterako, pozoitzearen susmoa dagoenetan, analisi toxikologikoa egiten da.
Bestetik, hezurra eraldatuta dagoenean, inguruko gai kimikoen eraginez, orduan ere egin daitezke analisi kimikoak.
Horietan, berebiziko garrantzia du indusketa arkeologikoak, eta bere denbora behar izaten du. Eta gero, laborategiko azterketak datoz, besteetan bezala.
Bai. Bost eskeleto topatu ditugu, eta espero genuen denak hobi batean egotea, 1813 urtekoa. Baina ez, banan bana lurperatuta aurkitu ditugu, eta, orduan, seguru asko ingelesak dira, lehenengo Karlistaldian liberalei laguntza ematera etorritakoak eta karlisten kontrako borrokan hildakoak.
Baina ez gaude ziur, ez baitugu ezer topatu jakiteko 1813koak diren edo gerokoak, Karlistaldikoak. Jaurtigaiak bakarrik topatu ditugu, eta XVIII. mendetik XIX mende erdira arte, jaurtigaiak berdinak izan ziren, ez ziren aldatu. Hortaz, ez digute balio jakiteko zein diren eta noizkoak.
Kontua da, 1813koak balira, agian frantsesak liratekeela. Ez dakigu, jarraituko dugu ikertzen.
Gerra Zibileko hobiekin segitzen dugu, eta laster Soriara goaz. Aterako ditugu hamar pertsona. Lau hobi batean daude; eta aurkitu dugu hobi hori, baina oraindik ez dugu industu, bakarrik inguratu eta prestatu. Beste seiak beste hobi batean daude. Batzuk ziren CNTkoak, eta besteak herritarrak.
Denak. Berez, guztiak aintzat hartuta, % 5 bakarrik dira emakumezkoak. Baina hobi batzuek emakumezkoak bakarrik dituzte: Grazaleman, Cadizen; Guillenan, Sevillan; eta Espinosa de los Monteros, Burgoseko iparraldean. Han ikertu genuen hobi bat, gizonezkoena, eta 200 metrora, emakumezkoena.
Oso gutxi izaten dira emakumezkoenak; errepresioa bestelakoa izan zen emakumezkoen kontra.
Bada, laster aterako dugu lan bat erakusteko nola azaltzen den indarkeria, Neolitotik hasita gaur egunera arte. Izan ere, gure inguruan aztarnategi pila bat daude indarkeria erakusten dutenak. Hau da, hezurdurek indarkeria-zantzu nabarmenak izaten dituzte, eta, horien bidez, denboran zehar izandako bilakaera aztertu dugu: nola hil zituzten, zer arma erabili zituzten...
Eta hori oso aspalditik, kasu bereziak baititugu. Esaterako, Araban, San Juan ante Portam Latinam neo-eneolitikoko aztarnategian, 300 pertsona aurkitu genituen, eta horietako 13k gezi-puntak zituzten sartuta hezurretan. Atera kontuak zenbat gezi bota zizkieten, batzuk hezurretan sartuta geratzeko. Europako kasu bakarrenetakoa da; oso aztarnategi garrantzitsua da. Hortik aurrera, gerora ere, kasu interesgarri asko ditugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia