Exoplaneten rankinga: Lurraren antzekoena, beroena, astunena...
2007/06/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Lurraren antza omen duen planeta, eta, atzean, haren izarra, Gliese 581c.
(Irudia: NASA)
Lurraren antza omen duen planeta horrek sekulako oihartzuna lortu zuen komunikabideetan. Gliese 581c izarraren inguruan orbitatzen du, Eguzki-sistematik nahiko hurbil (20,5 argi-urtera dago), eta, lehen azterketen arabera, badirudi bizia egoteko kondizio egokiak izan ditzakeela. Adibidez, izarretik dagoen distantziatik ondorioztatu dute planetaren azalean 0-40 ºC daudela; hortaz, ura, egotekotan, egoera likidoan egongo litzateke, eta hori da bizia egoteko kondizio nagusietako bat.
Oraindik oso goiz da ezer ziur jakiteko. Datu gehiago izateko, planeta bere izarraren aurretik pasatzean behatu behar dute astronomoek. Horri esker jakingo dute planeta arrokatsua ote den; hala izanez gero, Lurraren antzekoa delako hipotesia indartuko da. Arazoa da planeta bere izarraren aurretik pasatzen ikusteko aukera oso txikia dela, % 2 besterik ez.
Beroena eta astunena
Herkules konstelazioan dagoen izar-laino bat, Abell 39 izenekoa. Konstelazio horretan aurkitu dituzte planetarik beroena eta masa handienekoa ere.
(Argazkia: NOAO)
Exoplaneta beroena ere aurkeztu dute. Berez, egongo da hori baino planeta beroagorik, baina horri neurtu diote tenperaturarik altuena: 2.050 ºC ditu, hau da, ia izar txiki batek adina. Datu hori lortzeko, NASAren Spitzer espazio-teleskopioa erabili dute; horrekin, planetak bere izarraren aurretik eta atzetik pasatzean igortzen duen infragorrizko erradiazioa aztertu dute, eta horrela jakin dute beroetan beroena dela.
Planetak HD 149026b izena du, eta 2005ean aurkitu zuten. Saturnoren neurrikoa da, eta Herkules konstelazioan dago, Lurretik 256 argi-urtera. Orduan esan zutenez, haren masa Lurrarena baino 90 aldiz handiagoa da; alegia, duen elementu astunen kantitatea eguzki-sistema osoak duena baino handiagoa izan daitekeela uste dute. Orain, beroena dela jakinaraztearekin batera, beltzena ere hura dela esan dute. Antza denez, izarrek igorritako argitasun guztia xurgatzen du, eta, argia islatu beharrean, infragorria igortzen du. Izar txikiek bezala, titanio oxidozko atmosfera duelako izan daiteke.
Hala ere, ez da masa handieneko planeta. Ohore hori konstelazio horretan bertan topatutako beste batek du, HAT-P-2b izenekoak, hain zuzen. Jupiter baino pixka bat handiagoa da, baina haren masa zortzi aldiz handiagoa da. Ez da hori astronomoak harritzen dituen ezaugarri bakarra. Ezohikoa da hainbesteko masa izatea, eta, gainera, oso orbita eliptikoa du, eta bere izarretik oso gertu dago. Hori guztia arraroa iruditzen zaie astronomoei.
Estandarra eta bigunena
Hainbeste planeta bereziren artean, oso normala den bat ere hauteman dute. HD 189733b izena du, eta ez du atentziorik ematen. Handia da, bere izar ahuletik gertu dago, eta erraza da hari buruzko datuak eskuratzea. Horregatik, astronomoentzat balio handia du.
Izan ere, nahiz eta hasiera batean ez duten oso erakargarria ematen, exoplaneta arruntak beharrezkoak dira. Hala, datuak lortzen zailak diren planetak estandarrekin alderatzeko aukera dute, eta hortik ondorioak atera ditzakete.
Dena dela, ez da erraza esaten zer den planeta arrunt bat. Hain zuzen ere, eguzki-sistemako planetak ere bereziak dira, nondik begiratzen den. Esaterako, astronomoek orain dela gutxi frogatu dute Merkuriok , Eguzkiaren ondoan dagoen planeta txikiak, orain arte uste zutenaren aurka, nukleo likidoa duela. Zalantzarik gabe, denetariko planetak daude, baita bihotz bigunekoak ere.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia