Exoplaneta-bilatzaileak, pozez zoratzen
2006/05/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Eguzki-sistemaren nolabaiteko antza duen sistema bat topatu dute Europako astronomoek, guregandik ez oso urrun (41 argi-urtera). ESOren teleskopioaren bidez hauteman dute, HARPS espektrografoari esker.
Sistemaren izarra ez da oso handia, eta inguruan hiru planeta ditu. Planeta horiek Lurrak baino 10-19 aldiz masa handiagoa dute, eta, azterketa teorikoen arabera, badirudi izarretik gertuen dagoena arrokazkoa dela, Lurra bezala. Tartekoa, berriz, gasez eta arrokaz osatuta dagoela uste dute, eta, kanpokoa, arrokaz eta izotzez.
Gainera, badirudi sistemaren kanpoaldean orbitatzen duen planeta hori bizia posible den eremuan dagoela. Nonbait, bere eguzkitik dagoen distantziagatik, litekeena da han ur likidoa egotea. Eta aukera horrek beti aztoratzen ditu astronomoak, edo astronomoetako batzuk bai, behintzat. Izan ere, ura badago, bizia egon daitekeela uste dute. Oraingoan ere, nahiz eta planeta hori ez den Lurraren antzekoa, hasiak dira halako hipotesiak botatzen.
Bestetik, sistema osoak badu beste parekotasun bat Eguzki-sistemarekin: goiko marrazkian ageri den bezala, asteroide-gerrikoa du. Beste antzekotasunik ere ba ote du? Astronomoek ikertzen jarraituko dute.