}

Everest, munduko zabortegirik altuena

2004/06/14 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aspaldi honetan ‘bidaia’ kontsumo-produktu gisa saltzen da. Bezeroa supermerkatura erosketak egitera joan ohi den bezala hurbiltzen da bidaia-agentzietara. Erosketetarako orga hartu eta fruten edo esnekien eremuan sartu beharrean, Afrikako, Asiako edo Europako eremuetan murgiltzen da bidaia bat erosteko asmoz. Baina ‘bidaia’ merkatu-produktu ospetsuenetakoa bihurtu denetik, ez ote du naturan lehen baino eragin gehiago?

Turismoari buruz egin diren azken inkestek nabarmendu dute gero eta bidaiariagoak garela. ‘Bidaia’ produktu erakargarria eta atsegina da bidaiarientzat, baina arriskutsua bisitatzen dituzten inguruentzat. Izan ere, bidaiariak ez dira beti garbiak izaten, eta, askotan, bisitatzen dituzten gune berriak zabortegi bilakatzen ere badakite.

Naturaren maitale edo suntsitzaile?

Hainbat eta hainbat mendizaleren ahotan entzuten da munduko mendi handienak zabortegi itzel bilakatu direla. 1991n Mountain Wilderness" elkarteak garbiketa-espedizio handi bat antolatu zuen K2 mendira (munduko bigarren mendi altuena, 8611 metro). Mota horretako espedizioak areagotzen joan dira, batik bat, Everest, Annapurna eta Baltoro (Pakistan) bezalako haran ezagunetan.

Garbiketa-talde horiek batez beste 2 eta 3 tona bitarte zabor biltzen dituzte. Mendi horietako bakoitzean urtean gutxi gorabehera 100 tona zabor jasotzen da. Garbiketa-kanpaina horietan sherpek ere hartu nahi izan dute parte. Everest mendia da, hain zuzen, zabor gehien biltzen den Himalaiako mendietako bat; batetik, munduko garaiena izateak erakargarri egiten du, eta urtero-urtero hamaika espedizio joaten dira hara. Bestetik, hura igotzeko material-piloa behar da, eta, guztia bueltan eramatea nekagarria denez, han gelditzen da erabili eta gero.

Mendi handi horietan hainbat zaborrekin topo egin genezake, baina batez ere hauek biltzen dira: sokak, oxigeno-botilak, kanpin-denden oihalak, elikagaien paketeak, kartoizko-kaxak, kontserba-ontziak eta pilak. Ez sinestekoa bada ere, garbitzaile australiar batzuek 56.000 garagardo-botila jaso berri dituzte Everest mendian.

Turista-uhinek eragindako kalteak

Everesteko eta Annapurnako haranetan biztanle baino turista gehiago dago. Adibidez, turista gehien biltzen den uneetan, biztanle bakoitzeko lau bidaiari egon daitezke. Turisten masifikazio horrek hainbat ondorio eragiten dizkio lurralde exotiko horri.

Europako Alpeetako turismoari begiratuz gero ikusiko dugu poliki-poliki kontrolatzen eta mugatzen joan direla, lege zehatzak ezarriz. Horrez gain, kalitateari dagozkion kontrol-zerbitzuak eta ingurumena babesteko neurriak (zaborrak, ur-hondakinen tratamendua) izugarri kontrolatu dituzte. Nepalgo mendietan, aldiz, turismoaren garapena erabat anarkikoa izan da, eta inondik ere ez kontrolatua. Zabortegi bihurtzeaz gain, paisaia anitz izugarri itsustu dira; bidaiari-kopuru handiak asko igo du egurraren kontsumoa, eta, ondorioz, hainbat baso husten ari dira; etxebizitzen balioa igotzen ari da; bertako biztanleak haran horietatik urruntzen ari dira eta turisten etorrera handiak balio tradizionalen narriadura ekarri du.

Mendizale kutsatzaileei aurre egiteko neurriak

Nepalgo gobernuak hainbat neurri hartu ditu egoera larri horren aurrean. Erregio osoan oxigeno-botilak erabiltzea debekatu du: gaur egun, soilik metalezko latak onartzen dituzte,lata horiek ondoren haraneko biztanleek birziklatzen baitituzte.

Horrez gain, espedizio bakoitzak igoaldiaren arabera 2.000-4.000 dolar ordaindu behar ditu. Menditik behera itzulitakoan, kanpamentuetatik beren zabor denak jaisten badituzte, diru hori osorik itzultzen zaie. Hala ez bada, gobernua egiten da diru horren jabe. Zaborrak birziklatzeaz, aldiz, bertako biztanleak arduratzen dira.

Garbiketa-kanpaina horietan shoerpek ere parte hartu nahi izan dute. Horretarako Everesteko kanpamentu nagusian (5.290 m), adibidez, ziberkafe bat irekitzea otu zaie. Era horretan, alpinistek ez lukete satelite bidezko telefono-sistema garestirik erabili beharko. Taberna bitxi hori eguzki-panelez elikatzen da, eta Interneteko konexioak norantza biko satelite-lotura bidez egiten dira. Kafetegi horretan bilduriko irabazi denak Everest mendia garbitzeko erabiliko dira.

Baina, zoritxarrez, garbiketa- eta prebentzio-kanpainak munduko gailurrik eta mendirik ospetsuenenetan bakarrik egiten dira. Beste batzuek ez dute zorte hori! Egia da, bestalde, hainbat mendik sarbide txarra dutela eta Everestek baino giza baliabide eta baliabide tekniko gehiago behar dutela garbiketa-lanak egiteko. Motibazio handia eta laguntza ekonomiko on bat jasoko luketen taldeak beharko lirateke gailur eder horiek garbitzeko.

Ekonomia ala ekologia?

Argi dagoena da atzerritarrek Himalaiako mendateak hutsarentruke zikinduz gero, gobernuak azkar asko debekatuko lituzkeela espedizio guztiak. Baina espedizio-antolatzaileek mendizaleen diru-zorroak hartzen dituzte kontuan batik bat, eta ez haien kontzientzia ekologikoa edo/eta gaitasun fisikoa.

Everesteko gailurrera lehen aldiz igo zirenetik mende-erdia pasatu da, eta geroztik hamaika dira gailurra edo mendi hori ezagutzeko aukera izan dutenak. Urtero 50.000 pertsona hurbiltzen dira Everestera, eta milioi-erdia mendizale Himalaiako mendikatera.

Nepalen diru-iturri nagusia turismoa da. Urtean 160 milioi dolar irabazten ditu, eta 200.000 biztanlek egiten dute lan sektore horretan. Diru-kantitate horiek handiak badira ere, Nepalen bizi diren 23 milioi biztanleetatik % 40 pobrezian bizi dira. Turismoak emandako diru-irabaziak errege-familiaren eta erresuma hinduko goi-mailako klasearen artean banatzen dituzte.

Irabaziak horrela banatzeak maoisten matxinada ugari sortu du, eta 1996tik 7.000 pertsona hil dira liskarretan. Behin eta berriz eskatu dute Everestera antolaturiko igoeretatik guztira biltzen dituzten 70.000 dolarrak landaguneetako eskolak, zubiak eta klinikak eraikitzeko erabiltzeko . Hala eta guztiz, kontuan hartzekoa da turismoak kalteak baizik ez dituela sortzen.

Herri batzuetan zenbait programa jarri dira martxan egoera horri aurre egiteko. Esaterako, Amatoli programari eskerAnnapurnako Ghandruk eta Chomrong herrietako emakumeek festak eta kultur-jarduerak antolatzen dituzte, batik bat atzerritarrentzat. Ekitaldi horietan bildutako dirua herriak garbitzeko edo bertako biztanleak alfabetatzeko erabiltzen dute. Zoritxarrez, ordea, honelako ekimenetan biltzen duten dirua oso gutxi da dituzten behar eta gastu denei aurre egiteko.

Argi dago Nepal turismoari esker bizi dela. Naturak musu truk eskaini dizkien lur eder horiek diru-iturri bihurtu dituzte. Baina beste hainbat gune turistikok bezala apustu gogorra egin dute bisitariek eragiten dituzten kalteak kontuan hartuta. Turismoa ez kontrolatzea eta diruarekin itsutzea arriskutsua izan daiteke.

Miresgarri zaizkigun guneak une batetik bestera zapuzteko gaitasuna badugu, baina asko kostatzen zaigu berriro ere miresgarri bihurtzea, eta guztia ez dago gure gain. Natura ez ote zaigu aspertuko turisten erasoak jasaten?

Turista zikinak, ez mendian bakarrik...

Turismo kutsatzailea ez da mendietako bisitarien kontua bakarrik, ordea; kostaldera jauzi eginez gero, gauza bera gertatzen da. Txangozale asko hurbiltzen da, adibidez, Bretainiako (Frantzia) uharte txikietara. Ponant-eko irlen kasua nabarmentzekoa da: azken urteotan nekazaritza eta arrantza erabat desagertzen ari dira turismoaren eraginez. Turismoak izugarri eraldatu du higiezinen merkatua eta zoko denetan etxebizitza garestiak eraiki dituzte.

Ondorioz, hondakinen eliminazioa eta edateko uraren eskasia arazo larria bihurtu dira. Uharte horietako herriek, bestalde, instalazio publikoak berregituratu behar izan dituzte (transformadore elektrikoak, bide eta errepideak...) turistak eroso senti daitezen, baina horrek guztiak badu eraginik ingurumenean.

Gaur egun, bidaiariek munduko edozein txokotara joateko zaletasuna dute. Horren adibide argia dugu Antartika: urtero 15.000 bisitari baino gehiago pasatzen dira lurmutur hartatik. Bisitari horiek, ordea, ez dituzte lur horiek iritsi zirenean bezala uzten.

Dirudienez, hara hurbiltzen diren turistek, argazki- eta bideo-kamerak eramateaz gain, bakterioak ere garraiatzen dituzte beren zapata-zoletan. Turisten oinetakoak, beraz, gure ekosistema arrisku larrian ezartzen ari dira. Hondamen ekologiko horrek zorigaitzeko ondorio gehiago sor ez dezan, Chris Curry Freemantle-ko (Australia) medikuak eta haren taldekideek desinfektatzaile eraginkor bat erabiltzera behartu dituzte turistak.

Antartikara hurbiltzen den bisitari orok erosi behar izaten du produktu hori. Baina nola kontrola daiteke turista guztiek zapatak garbi dituzten edo ez? Oraingoz, gaixotasun infekziosorik sor edo barreia ez dadin, bidaia-agentzietako arduradunei beren bezero denen zapatak kontrola ditzatela eskatu diete zientzialariek.


Nepalgo gune babestuak kudeatzeko baliabide instituzionalak

Erakundea
Gunea
Programaren helburuak

Gobernua: Naturaren kontserbazioaren eta Parke Nazionalen Saila
Parke eta erreserba nazional gehienak
Naturaren kontserbazioa
Turismoa

Gobernuz kanpoko erakundea (GKE): King Mahendra Trust for Nature Conservation (KMTNC)
Annarpurnako eremuen kontserbazioa
Komunitatearen garapena
Turismoa
Naturaren kontserbazioa

Gobernua eta nazioarteko GKEa: Turismo Saila, abiazio zibila eta KMTNC Mustang
Kalitatezko turismoa
Komunitatearen garapena
Naturaren eta ondarearen kontserbazioa

Gobernua eta nazioarteko GKEa: Parke Nazionalen Saila eta The Mountain Institute Makalu-Balun parke nazionala
Komunitatearen garapena
Ekoturismoa
Naturaren kontserbazioa

Gobernua eta nazioarteko GKEak: Parke Nazionalen Saila eta World Wildlife Fund (AEB)
Kanchenjungako eremuen kontserbazioa
Biodibertsitatearen kontserbazioa
Komunitatearen garapena
Ekoturismoa

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia