Eusko Jaurlaritzaren 95/13IP ikerketa-proiektua
1998/10/01 Gallastegui Zulaica, Mari Karmen Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ekonomi zientziaren beste arloetan bezala, baliabide berriztagarriei buruzko literaturan eredu dinamiko konplexuak garatzen ari dira. Arrantzarena ikerketa-kasu paradigmatikotzat hartuz, eredu horien helburua arrantza-baliabide gehiegi zergatik erabiltzen diren, eta behar adina etekin zergatik lortzen ez den argitzea litzateke. Abiapuntua, berriz, honakoa: baliabideak gaizki kudeatzearen arrazoiak menderatzea ezinbesteko lehen baldintza da adituek gehiegikeriak ezabatzeko ekintzak diseinatu ahal izateko.
Arrantza ondo kudeatzeko oinarrizko bi zailtasun nagusi daude. Alde batetik, arrantza-baliabideak beren ugalketa- eta hazte-baldintzak dituztenez, beren eboluzioaren lege biologikoak ezagutu behar dira, eta ez da beti erraza izaten horien ezaguera enpirikoa lortzea. Bestalde, baliabide horiek ustiatzeko ziurgabetasun handia dago, stock-en maila eta egoera ezagutzeaz gain, egoera aldatuz gero arrantza-jarduerak biomasan zein eragin izan dezakeen jakitea ikaragarri zaila delako. Eguraldia, baliabideak aurkitzeko zailtasuna, espezie askok lekuz aldatzeko duten joera, eta beste zenbait arrazoi direla eta, ezinezkoa da ezarritako neurriek stock-etan dituzten ondorio zehatzak ezagutzea. Horiek horrela, ingurugiro-gaietan egiten den antzera arreta-printzipioa aplikatzea eta hainbat baliabide ziurtatzea komeni dela pentsatzen hasiak gara.
Arrantza kudeatzeko arreta-printzipioa erabiltzeko modua finantza-munduko kudeaketa arrantzaren kudeaketari aplikatuz ikas daitekeena eta ezagutu daitezkeen estrategiak aztertzea da. Ziurgabetasun-egoeretan, eta ondorioz sortzen den arrisku-giroan, inbertitzaileari aktiboak dibertsifikatzea, eta ez arriskua kontzentratzea, komeni baldin bazaio, arrantza-gaietan ere ez ote litzateke dibertsifikatzea komeni, besteak beste gehiegi ustiatuz agortzeko arriskua duten baliabideentzat ustiapen-egoera zehatzeko debekaldiak ezarriz?
Aurreikusi ezineko gertakizunen ondorioz oso zaila da arrantzaren munduan kontrol-neurriak ezartzea. Izan ere, arrain-harrapaketetan aldaketak direnean eta zenbatekoa aurretik zehaztu ezin daitekeenean, aipatutako neurriek kudeaketa-gastu handiak sortzen dituzte, eta askotan ez dute inolako arrakastarik izaten. Horregatik, beste era bateko aukerak ikertzen hasi dira, besteak beste C.W. Clark, T. Lauck eta G.R. Munro-k 1995ean proposatutako erreserba babestuena.
Kontrako argudioa honakoa litzateke: stock babestua mantendu beharrean kudeaketa-estrategia kontserbadoreagoa aukeratzea; adibidez, epe ertainean arrain-populazioa batezbestekoa baino askoz handiagoa denean baizik harrapatzen ez uztea. Proposamen horrek kudeaketaren helburua aldatuko luke: ahalik eta harrapaketa gehien eginez biomasa mantenduko duen ustiaketa egin beharrean, biomasa handiagoa lortzen saiatzea. Hala ere, ziurgabetasun handia baldin badago, eta perdoia, espezie batzuetan behinik behin, handia baldin bada, aipatutako estrategia arriskutsuegia da harrapa litekeen arrain-kopurua kalkulatzeko, eta beharrezkoa da baliabideak babesteko ahalegin handiagoa egitea.
Beraz, arretaren printzipioa baliabide berriztagarrien kudeaketara aplikatzea kontuan hartu beharreko aukera dugu, nahiz eta, errealistak izanik, arrain-populazioen dinamika zein hasierako kopuruak gorabehera handiak izan ditzaketela aitortu behar dugun. Horrez gain, nahiz eta harrapaketa-helburu egokiak ezarri, eta horiek betetzen saiatu, faktore horiek aldez aurretik ezarritako mailara egokituko direnik ez dago ziurtatzerik.
Ekonomi politikako beste alorretan gertatzen den bezala (gogora dezagun moneta- eta truke-politikako zailtasunak direla eta helburu zehatzen ordez jarduera-bandak proposatu direla), arrantzaren alorrean ere ezarritako helburuak betetzea zenbaitetan ezinezkoa dela onartu beharra dago.
- Proiektuaren izenburua: Ziurgabetasun Ekonomia, Arreta Printzipioa eta Ingurugiro zein Natura Baliabideen Kudeaketan dauden
Arriskuak Estaltzeko Teknikak. - Proiektuaren helburua: Arrantza-baliabide
gehiegi zergatik erabiltzen diren eta behar adina etekin zergatik lortzen ez den argitzea. - Zuzendaria: Mª Carmen Gallastegui Zulaica.
- Lan-taldea: Alberto Ansoategui Cobo, Jose Manuel Chamorro eta Raul Prellezo (bekaduna).
- Saila: Ziurgabetasun Ekonomia.
- Fakultatea: Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia