}

Euskaldunak eta europarrak genetikoki ezberdinak direla baieztatu du ikerketa batek

2010/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskaldunak eta europarrak genetikoki ezberdinak direla baieztatu du ikerketa batek
2010/06/01 | Elhuyar

CIC bioGUNE zentroak zuzendutako ikerketa baten arabera, euskal herritarrek, Hego zein Ipar Euskal Herrikoek, talde homogeneoa osatzen dute genetikoki, Europako beste herrietatik ezberdina. Human Genetics aldizkarian eman dute ikerketa horren berri.

Ikerketan CICbioGUNEko, EHUko Genetika Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko eta BIO Fundazioaren O+Ehun ikerketarako Euskal Biobankuko ikertzaileek parte hartu dute.

CIC bioGUNEko Naiara Rodríguez-Ezpeletaren esanean, "ikerketak ez du inondik ere adierazten euskal herritarrek berezitasun genetikorik dutenik beste herri batzuekiko; izan ere, euskaldunak, besteak beste, sardiniarrak, orkadiarrak edo errusiarrak bezain bereziak izan daitezke genetikoki".

"Ikerketa horretatik ondorioztatzen dena da euskaldunak gainerako Europako herrietatik ezberdintzen direla, Europatik isolatuta bizi izan diren herriak ezberdintzen diren bezala. Alegia, Europa taldetan banatzen da, eta talde horietako bat euskal herritarrak dira", gehitu du Rodríguez-Ezpeletak.

Hegoaldean eta Iparraldean bizi diren euskal herritarren banakako datu genetikoak eskala handian biltzen dituen lehen ikerketa da hau. Horretarako, 240 europarren 60.000 markatzaile genetiko aztertu dituzte (Hego Euskal Herriko 83, Ipar Euskal Herriko 24 eta Europako beste zenbait herrialdetako 133).

Laginak hautatzeko, irizpide zorrotzak ezarri dituzte. Esaterako, norbanako bakoitzaren aurreko hiru belaunaldiak jaioterri berekoak behar zuten izan.

Ikerketa horretan atera diren ondorioak ez datoz bat Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateak berriki aldizkari berean argitaratutako beste ikerketa batekin. Izan ere, haren arabera hegoaldeko euskaldunek genetikoki antz handiagoa dute espainiarrekin iparraldeko euskaldunekin baino; eta ipar euskal herritarrek europarren antz handia dute, hego euskal herritarrekin alderatuta.

"Nahiko arraroa da hori, batez ere kultura eta hizkuntza hain antzekoa duten bi populaziotan, hala nola hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunen kasuan. Izan ere, horrek esan nahiko luke historian zehar bereizita egon direla bi populazio horiek", dio Mikel Iriondok, EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak.

Iriondok uste du "banakoen datu genetikoak erabili beharrean 30 bat pertsonako talde baten batez bestekoarenak erabili zituztelako ondorioztatu zutela hori Kataluniako ikertzaileek; eta, ondorioz, emaitza ez da hain fidagarria".

1
265
2010
6
007
Genetika
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia