}

Euskal kostaldearen ikerketa ozeanografikoen bilduma

2004/05/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Oceanography and Marine Environment of the Basque Country liburua aurkeztu zuten atzo Donostiako Aquariumen.

Liburua Euskal Herriko itsasoari buruzko ikerketen bilduma bat da, eta urtetako lana jasotzen du. Izan ere, ozeanografiaren arloko erreferentea izango da hemendik aurrera, eta, editoreen ustez, beste kostalde batzuetako ikerketen bildumak egiteko eredu izango da.

Editoreak AZTIko Angel Borja eta Southampton Oceanographic Centre erakundeko Michael Collins dira. Hala ere, 62 egileren lana dago liburuaren zazpi ataletan jasota. Nahiz eta gehienak AZTIkoak edo Euskal Herriko Unibertsitatekoak diren, hamar erakundetako ikertzaileek hartu dute parte proiektuan.

Bildumak arlo guztietako ikerketak jasotzen ditu: ozeanografiaren historia, geologia, klimatologia, hidrologia, sedimentologia, kimika, mikrobiologia, zoologia, ornitologia, biodibertsitatea, ingurumena eta abar.

Horrez gain, liburuak ikerketarako agenda bat proposatzen du hurrengo hamar edo hamabost urteetako lana antolatzeko. Izan ere, atzoko ekitaldiaren helburua ez zen liburuaren beraren aurkezpena egitea bakarrik, baizik eta ikerketaren inflexio-puntu baten berri ematea. "Une egokia iruditu zaigu ikerketari buruzko hausnarketa lasaia egiteko eta etorkizuneko lana antolatzeko" esan zuen Angel Borja AZTIko biologoak.

Nolanahi ere, liburua argitaratu egin dute, eta, gainera, Amsterdamgo Elsevier argitaletxe ospetsuarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia