Euskal Herriko hezeguneak (VII) barrualdeko hezegune karstikoak
2000/11/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kareharrien kaltzio karbonatoa eta igeltsuen kaltzio sulfatoa urarekin disolbatzen direnez, arroka-mota horiek nagusi diren formazio geologikoetan, karstifikazio izeneko prozesuaren bidez, barrua hodi eta zuloguneez betetzen da. Lur azpiko bide horietatik ura abiadura handiz mugitzen da eta mugitzen den bitartean harriak disolbatzen, ubideak handitzen eta gatzez kargatzen jarraitzen du. Prozesuak hainbat arrasto uzten ditu lurrazalean, hala nola dolina izenez ezagunak diren inbutu-itxurako hustubideak, espero ez den lekuetan agertzen diren iturburuak, zintzurrak, leizeak, osinak... Euskal Herriko hezegune, aintzira eta urmael ugari karstifikazio-prozesuen bidez sortutakoak dira.
Kareharri disolbatuek hondakin modura uzten dituzten deskaltzifikazio-buztinek dolinen hondoak iragazgaitz bihurtutakoan sortu dira batzuk. Hezegune horiek ostatatzen dituzten dolinak mendilerroen goialdeetan kareharriaren disoluzioaren bidez sortutakoak badira (disoluzio-dolinak), hezeguneak, normalean, isurketaren uraz hornitzen dira soilik, tamaina oso txikikoak izan ohi dira eta ertzak ez dituzte oso malkartsuak. Dolinak, lur azpiko uraren higaduraren ondorioz, goiko geruzak erortzean sortutakoak badira (kolapso-dolinak), sakonera handiagoa eta ertz malkartsuagoak izateaz gain, normalean ur freatikoaz hornitutako hezeguneak dira.
Kareharrizko eskualdeetan, ura lur azpitik ateratzen den lekuetan ere, disoluzioaren ondorioz, sakonuneak ager daitezke. Sakonune horiek aipatutako urarekin betetakoan, urmael edo aintzira karstikoak gara daitezke. Bestalde, kareharrizko eskualdeak zeharkatzen dituzten ibaiekin lotutako hezegune karstikoak ere badira. Holakoetan, disoluzioak ubidearen sakonera handitzen duen bitartean, disolbaturiko karbonatoak hauspeatzeak dike-moduko metaketak (tobak) era ditzake eta haranetan zehar urmael karstiko ugari jarraian agertzen dira.
Beste hezegune karstiko batzuk, ordea, diapiro izeneko egitura geologikoetan eratu ohi diren sakonuneetan agertzen dira. Diapiroak, nagusiki, Triasikoko igeltsu, marga eta buztinez osatuta dauden kupula-itxurako egitura geologikoak dira. Material horien plastikotasun handia eta dentsitate txikia direla eta, era tertziarioko geruza geologikoak zulatzen dituzte edo haien artetik igotzen dira. Ondorioz, material zaharrenak gazteagoekin batera agertzen dira, edo zaharrak gazteen gainean. Horrela egitura geologiko benetan bitxiak eratzen dira. Diapiroak osatzen dituzten harriak bigunak dira eta erraz higa daitezke. Horregatik, diapiroak dauden lekuetan sakonuneak sortu ohi dira. Gehienetan sakonune horiek inguruko maila freatikoak mozten dituzte eta lur azpiko ura azaleratzen da; ondorioz, urmaelak eta, batzuetan, aintzirak agertzen dira. Egitura geologiko horien ezaugarrien ondorioz, sarritan, iturburu gaziei lotuta agertzen dira eta, horregatik, Euskal Herrian ustiatzen diren edo inoiz ustiatu diren gatzaga ugari diapiroak agertzen diren lekuetan daude (adibidez, Arabako Gesaltza edo Nafarroako Jaitz edo Artetako gatzagak).
Bai isurketaren ura soilik jasotzen duten hezeguneek, baita lur azpiko urak jasotzen dituztenek ere, nahiko ur oligotrofikoak izaten dituzte. Lehenengoetan, urak oso ibilbide laburrak egiten ditu hezegunera iritsi baino lehen, eta horrek urak elikagai mineral gutxi izatea eragiten du. Bigarrenetan, ordea, lur azpian harri disolbagarriak zeharkatu ondoren, urak nahiko mineralizatuta iristen dira hezegunera. Halako uretan naroak dira karbonatoak, sulfatoak, kaltzioa eta magnesioa. Proportzio txikiagoan agertzen dira kloruroak eta sodioa. Dena dela, horrelakoetan, kaltzioaren ugaritasunak urak alkalinoa izatea eragiteaz gain, fosforoa hauspearazten du eta, horregatik, ekoizpen gutxiko ur gardenak, oxigenatuak, hotzak eta oligotrofoak izan ohi dituzte.
Ekoizpen gutxiko inguruak izan arren, zenbaitetan antolaketa eta konplexutasun-maila handia izaten dute, batez ere ur sakonak eta lur azpiko emariak dituztenek, horietan ingurune eta bizidunen komunitate bakanak eta harrigarriak aurkitzen baititugu. Horien artean aipamen berezia merezi dute oxigenorik gabe fotosintesia egiteko gai diren prokariotoen komunitateek, igeltsuetan aberatsak diren ur sakonetan bizi direnek. Izan ere, biziaren historiako lehenengo aldietako lekuko biziak dira. Dena dela, lan honen helburua hezeguneak dira eta ur sakonetako inguruneak ezin dira hezegunetzat onartu; beraz, ez dugu alderdi horretan gehiago sakonduko eta soilik ur sakonetako sistemen ertzetan garatu ohi diren hezeguneak hartuko ditugu kontuan.
Landaredia
Hezegune karstikoen jatorri geologikoa askotarikoa denez, sakonera, tamaina, kubetaren itxura eta ertzen makurdura oso desberdineko adibide ugari dago. Aniztasun geologiko horri Euskal Herrian aurkitzen dugun aniztasun klimatikoa gehitu behar zaio, eskualde bioklimatiko eurosiberiar eta mediterraneoaren artean kokatuta dagoenez eta altitude-desberdintasun nabarmena dagoela eta, tarte txikietan baldintza klimatologiko nahiko desberdinak aurkitzen dira. Baldintza klimatologiko ugarien ondoriozko landarediaren aniztasuna alde batera utzirik, sakonera txikiko eta aldapa handiko ertzak dituzten hezegune karstikoetan uretako landaredia da nagusi; sakonera handiko baina aldapa leuneko ertzak dituztenetan, ordea, lezkadi eta ihitokietako landaredia da garrantzitsuena. Ereduzko bi mota hauen artean tarteko adibide asko daude. Landarediari dagokionez, Euskal Herrian diapiroei lotutako hezegune karstikoak aberatsagoak direla esan daiteke. Gainontzekoak, tamaina txikiagokoak izateaz gain, normalean mendi-inguruetan daudenez, baldintza klimatologiko gogorragoak jasan behar izaten dituzte eta horrek zuzeneko eragina du bertako landare- eta animalia-komunitateetan.
Uretako landareetan ohikoak dira Pomatogeton coloratus, Miriophyllum verticilatum, Elodea canadensis, Groenlandia densa edo Ceratophyllum demersum espezie baskularrak. Chara eta Nitella generoetako alga karofitoak ere naroak dira.
Ertzetako aldapa txikia den kasuetan, bertan lezkadiak sortzen dira. Lezkadi horiek hezeguneetan zabal hedatzen direnean, bi alde nagusi bereiz daitezke: ur-sakonera handiagoan garatzen den lezkadiaren barrualdea eta sakonera txikian agertzen den lezkadiaren kanpoaldea. Lehenengoan, Cladium mariscus eta Scirpus lacustris landareak dira ugarienak; bigarrenean, ordea, Phragmatis australis eta Tipha angustifolia dira nagusi.
Lezkadien atzean, urperatuta egon gabe ere lurzoruaren hezetasuna handia den lekuetan, Scirpus eta Juncus generoetako espezieez osatutako ihitokiak agertu ohi dira.
Fauna
Hezegune karstikoen ugaritasuna eta horiek agertzen diren eskualdeen baldintza klimatologiko desberdinak direla eta, guztien faunari buruz orokorrean hitz egitea benetan zaila da.
Alde batetik, aipatzekoa da hezegune horietako gehienetan aurkitzen ditugun ertz malkarrek komunitate bentonikoak bizi ahal izatea nabarmen mugatzen dutela. Baldintza horietan bizitzeko moldatu direnen artean, hainbat krustazeo, molusku, nematodo eta oligoketoren espezieak eta hainbat intsektu-espezieren larbak ditugu. Bertan azaltzen dituen kontzentrazio handiak direla eta, azpimarragarria da sakonera txikiko hondoetan bizi den Unio pictorum bibalbioa. Izan ere, han ez baitu oskola eraikitzeko behar duen kaltzioa lortzeko inongo arazorik.
Ertzetan, ordea, fauna aberatsagoa bizi da. Hainbat intsektu, molusku eta krustazeoz osatutako ornogabeen komunitate oparoei, anfibioen ordezkaritza garrantzitsua gehitu behar zaie. Ornogabeetatik Gammarus pungens anfipodoa eta Atyaephyra desmarestii dekapodoa dira aipagarrienak. Anfibioei dagokienez, berriz, Euskal Herriko geografian zehar sakabanatutako hezegune karstikoetan anfibio-espezie ugari beha daiteke, batez ere ugalketa-garaian, orduan abiatzen baitira anfibio guztiak uretara.
Besteak beste, hurrengo hauek dira gure hezegune karstikoetan aurki daitezkeen anfibioak: uhandre palmatua, uhandre marmolairea, arrabio arrunta, ur-igel arrunta, baso-igel gorria, baso-igel jauzkaria, zuhaitz-igel arrunta, txantxikua, apo pintatua, apo arrunta, apo lasterkaria...
Ornitofaunari dagokionez, elikagaien kontzentrazio urriak eta hezegune gehienen tamaina txikia eta landaredi trinkorik gabeko ertzak direla eta, ez dugu hegazti-komunitate oparorik aurkituko. Hala ere, ur-azalera handia eta lezkadi egituratuak eta trinkoak dituztenetan ez da zaila ur-ekosistemetan bizitzera moldatutako hainbat hegazti-espezie ikustea. Gehienetan, espezie migratzai
leak dira, baina zenbait hezegune karstikotan habia egiten dutela ziurta daiteke. Ur irekietan anatidak (ahateak, zertzetak, murgilariak), podizipediformeak (murgilak eta txilinportak) eta erralidoak, kopetazuriak kasu, ohikoak dira. Ertzetako lezkadietan, ordea, erralidoak bizi dira, hala nola lezkariak, benarrizak, zingira-berdantzak edo ur-oiloak eta ur-oilandak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia