}

Euskal Herriko erlea kontserbatu nahian

2000/10/01 Arregi, Joseba | Estonba, Andone | Leunda, Joxe | Miguel, Irati | Sarasola, Mikel | Urrutia, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erle beltza da Euskal Herrian berez bertakotu den erlea; zientzialariek "M leinuko erlea" deritzotena hain zuzen (Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberica). Europako mendebaldean dago hedaturik, hots, Iberiar penintsulako hegoaldetik Suediako hegoalderaino, eta Britainiar irletatik Poloniako iparralde eta Errusiako ekialderaino.

Azken urteotan erle beltzaren banaketa-eremua nabarmen murrizten eta zatitzen ari da. Horretarako arrazoi nagusia hazkuntza-teknika berriak dira, eta batez ere erle beltz ez diren erle arrotzen inportazioa. Duela 10 bat urte erle beltz ugari hil zen barroasiak (Varroa jacobsoni) jota eta, ondoren, C leinuko erle ugari, hots Europa ekialdeko erle ugari inportatu zuten Europako mendebaldera. Horrez gain, erreginak inportatzeko joera areagotu egin da azken urteetan, bai eta trashumantziarako joera ere. Horrek guztiak kolonia hibridoak ugaritzea eragin du. Kolonia hibrido horiek bertako koloniekin gurutzatzen dira eta, ondorioz, erle beltza higadura genetiko1 kezkagarria jasaten ari daEuropan.

Euskal Herria: erle beltza babesteko lurralde aproposa

Hala ere, badira higadura txikia jasan duten zenbait eskualde, eta aldakortasun genetikoaren "gordailu" horietara jo daiteke erle beltza babestearren; adibidez, Euskal Herrira.

Nahiz eta Euskal Herrian inportazioak egin egiten diren, oraindik bertako erlea ustiatzen da gehien. Zenbait eskualdetara iristeko zailtasuna, erlezain askok egindako kontserbazio-lanak eta ustiapen askoren garapen tekniko xumea izan dira ekosistemara moldatuta dauden erleak kontserbatzen lagundu dutenak.

Are gehiago, Euskal Herrian Europako eskualde biogeografiko nagusi biak gainezartzen dira: atlantikoa eta mediterraneoa. Ondorioz, gure lurraldeko baldintza ekologikoek barne-dibertsitatea agertzea ahalbideratuko lukete.

Azkenik, Euskal Herriko erlezainak oso ondo antolatuta daude eta bertako erle beltza iraunarazteko ardura nagusitzen ari da.

Baldintzok ez dira erraz aurkitzen, baina ezinbestekoak dira erle beltzaren berreskuratze, kontserbazio eta hobekuntza gauzatzeko.

Beraz, hau guztia dela eta, Euskal Herrian aukera paregabea dugu erle beltzaren ondare genetikoa kontserbatu eta suspertzeko.

Erle beltza babestearen aldeko arrazoiak

Gaur egun, Lurra biodibertsitatea bortizki galtzen ari da. Era berean, azken urteotan interes berezia sortu da etxabereen lekuan lekuko arrazak berreskuratu eta suspertzeko, eta Apis mellifera espeziea ez da salbuespena. Izan ere, aditu ugarik bertako erle-populazioak babestu beharra azpimarratu du.

Bestalde, bertako erlea babestuz ez da espezie horren dibertsitatea mantentzea soilik lortzen. Apis mellifera espeziea ekosistemako agente polinizatzaile nagusia izanik, berau kontserbatzeak ondorio positiboak ditu ekosistema osoaren kontserbazioan eta garapenean. Izan ere, erleak ziklo biologikoa eremu jakin bateko urteko ziklo klimatikoarekin eta landareen fenologiarekin2 sinkronizatuta dauka. Beraz, erlea giltzarria da eta bera desagertzeak naturan, eta beraz gizakian, ondorio latzak izango lituzke zientzialarien ustetan.

Badago bertako erlea babesteko hirugarren arrazoia ere: ekonomikoa alegia. Euskal Herriko erlezain gehienak erlezaintza ez-intentsiboaren aldekoak dira eta maite duten erlea era naturalean garatzen dena eta arreta gutxi eskatzen duena da. Bertako erleak ezaugarri horiek betetzen ditu: eztia modu erregularrean ekoizten du eta ardura eta arreta gutxi behar ditu.

Bertako erlea babesteak, erlearen ondare genetikoa mantentzea du helburu, eta horrela, eremu berezietara moldatutako erleak aukeran edukitzea. Testuinguru horretan ezinbestekoa da espeziearen aldakortasun genetikoa aztertzea.

Aldakortasun genetikoaren azterketa

Denbora luzez, morfometria edo biometria3 izan da erlearen aldakortasun genetikoa deskribatzeko eskura zegoen tresna bakarra. Orain dela gutxi markatzaile molekularrak garatu dituzte eta horrek erlearen dibertsitatearen azterketan sakontzea ahalbideratu du. Bereziki, DNA mitokondriala (DNAmit) eta sekuentzia mikrosateliteak erabiltzen dira gaur egun erlearen dibertsitatea aztertzeko.

Hiru datu-mota horien bidez irudikatutako Apis mellifera espeziearen historia ebolutiboaren eredua antzekoa da. Morfologian oinarrituta bereizi diren erlearen 24 subespezieak, era berean, hiru leinu ebolutibotan taldeka daitezke: leinu afrikarra (A), mediterraneo iparraldeko leinua (C) eta Europaren mendebaldekoa (M) (ikus 1. irudia). Azken leinuko erlearen izen arrunta "erle beltza" da. Beraz, Euskal Herriko erlea M leinukoa da. Aldakortasun genetikoari dagokionez, M leinuko populazioek A eta C leinuetakoek baino aldakortasun gutxiago dute. Dirudienez, azken glaziazioan Europaren mendebaldeko populazioek botila-zama deritzon fenomenoa jasan zuten: erle beltza Frantziaren hegoaldean eta iberiar penintsulan "babestu" zen hotzetik, populazioko ale-kopurua (eta beraz dibertsitate genetikoa) asko murriztu zelarik. Geroago, klima berotu zenean, erle beltzak birkolonizatu egin zuen gaur egungo banaketa-eremua.

M leinuarekin jarraituz, bi subespezie bereiz daitezke Garnery et al.-ek 1998.ean DNAmit eta mikrosateliteak erabiliz egindako lanetan oinarrituta (ikus 2. irudia): Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberica (bigarrena Iberiar penintsulan besterik ez dago). Lan horietan Donostian hartutako lagin baten datuak daude. DNA mitokondrialean oinarrituz, Donostiako lagina A. m. mellifera populazian taldekatzen da.

Aldiz, mikrosateliteen azterketen arabera, Donostiako lagina A. m. mellifera eta A. m. iberica subespezieen artean dago. Bi emaitzak desberdinak izateak Euskal Herriko erlearen ondare genetikoa sakonago aztertu beharra adierazten du. Hau da, markatzaile gehiagoren analisi genetikoa egitea eta populazio gehiago aztertzea ezinbestekoak dira Euskal Herriko erlearen behin-betiko erlazio filogenetikoa4 finkatzeko.

Euskal Herriko erlezainen proiektua: kontserbazio-guneak gauzatzea

Erlea kontserbatzea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da dibertsitate txikiena eta hibridazio bortitzena jasaten ari den leinua kontserbatzea, hots, M leinua edo erle beltza kontserbatzea. Are gehiago, M leinuaren kontserbazioan giltzarri izanen da bere barne-aldakortasuna mantentzea, eta horretarako ezinbestekoa da eremu jakinetan berezitasun genetikoak dituzten erle-populazioak babestea.

Horretan datza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak (GEE) bultzaturiko proiektuaren helburua: Euskal Herriko erle beltza berreskuratu eta kontserbatzea. Lehenbizi, Elkarteak, 1997.ean erlearen berreskurapen-plana onartu zuen, eta erlezain partaideen antolaketa-egitura osatu zuen.

Urte berean, ustez berezitasun genetikoak eduki zitzakeen bertako erle beltzaren bila hasi ziren elkartekoak. Geografikoki isolatuta dauden, eta beraz kanpo-eragin minimoa jasan duen erle beltz basatien bila hasi ziren. Adibidez, Goizuetako mendi-inguruetan bertan behera utzitako erletegiak aurkitu eta eskuratu zituzten. Ildo berean, 1998.ean, O–atin utzita zeuden bi erletegi erosi zituzten. Bertan, guztira 16 kolonia bizi dira barroasiaren kontrako inolako tratamendurik gabe.

Ondoren, 1999.aren hasieran Goizueta eta O–atiko erle gutxi batzuk Parisko CNRSaren "Populations GŽnŽtique et Evolution" laborategira bidali zituzten. Bertan L. Garnery doktoreak lan egiten du, Apis mellifera populazioen azterketa genetiko-molekularrean diharduenak eta Belgika eta Frantzian garatzen ari diren erle beltzaren kontserbazio-guneen eragile denak. Analisien arabera, aukeratutako guneetan hibridazio-maila (kanpo-eragina) oso txikia da eta hori ezinbesteko baldintza da erle horiek berreskuratze-prozesuan erabiltzeko.

Egun, material horrekin hasita erlauntzen kopurua handitu egin nahi da eta Goizueta-Artikutza eta O–ati-Arantzazu eskualdeetan hedatu, etorkizuneko kontserbazio-guneak bihurtu nahi baitira bi eskualdeok (ikus 3. irudia).

Hain zuzen, Goizueta-Artikutza eta O–ati-Arantzazuko kontserbazio-guneak inguruko Parke Naturaletan kokatu nahi dira. Batetik, erlearen kontserbaziorako beharrezko arau espezifikoak errazago beteko dira parke naturalen araudi orokorrean barneratuz gero eta, bestetik, erlearen gaitasun polinizatzailea dela eta, erlea bertan egoteak ekosistema osoarentzat, eta beraz parke naturalarentzat onura dakar. Halaber, aukeratutako kontserbazio-gune bien orografiak aproposa dirudi bertako erlea isolatuta hazteko, inguruko mendiek kanpo-eraginetik babesten baitituzte eta erle-populazioak egoki garatzeko tamaina behar bezain handia dela baitirudi.

Erle-populazio biren analisi genetikoa

Kontserbazio-guneetan erleak hautatzeari ekin zaio. Horretarako, lehenik eta behin kontserbazio-eremuan dauden erlauntza guztien ondare genetikoa ezagutu nahi izan da. Helburua hori izanik, gune bietan aurkitu diren kolonia guztiak analizatu dira. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Animali Biologia eta Genetika Sailean, 420 kolonietako DNA mitokondrialaren analisia burutu da. Kanpoko lanari dagokionez, hurrengo urratsa detektatutako kolonia hibrido guztiak kontserbazio-eremutik kanporatzea izango da. Analisi molekular horiekin ondoko emaitzak eskuratu dira:

- Erlauntza gehienak, hots % 95ak, M leinuko haplotipoa5 du. Erlauntzen % 2ak soilik du C leinuko haplotipoa. Beraz, Goizueta eta O–atin erle beltza dugula esan dezakegu, bai eta bere hibridazio-maila oso baxua dela ere.

- M leinuko haplotipoetan hiru forma berri aurkitu dira, bat oso arraroa izanik. Emaitza hori, bertako erlearen ezaugarri berezkoen adierazletzat har daiteke. Ekotipoak6 ote?

- Bi populazioak, O–ati eta Goizuetakoak, elkarrengandik bananduta ageri dira distantzia genetikoen analisian. O–ati argi eta garbi taldekatzen da Apis mellifera mellifera (A.m.m.) subespezieko populazioan. Goizueta aldiz, ez da taldekatzen ez A. m. m. populazioan eta ez A. m. iberica populazioan. Bitarteko ezaugarriak ditu.

- Horien arabera, O–ati A. m. m. subespeziean sailkatuko genuke. Goizueta oraingoz ez dago sailkatzerik.

- Bestalde, emaitza hori oso interesgarria da, barne-dibertsitatearen isla bailitzake.

Gure asmoa kontserbazio-gune bi horiek gauzatzeko lanean jarraitzea da. Aurrerantzean mikrosateliteen eta biometriaren analisiak eta etologi-azterketak egingo ditugu, kontserbazio-guneetako erle-populazioen ondare genetikoa sakonago ezagutzearren. Etorkizuna zalantzaz beteta dago, besteak beste, merkatuak eta ustiapen-sistemek zein bide hartuko duten ez dakigulako. Inork ezin du ziurtatu bertako arrazek etorkizuneko eskakizunak beteko dituztenik, baina argi dugu beren ezaugarri bereiziak inoiz benetako baliabide bihur daitezkela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia