Euskal Herriko Artelatza
1989/04/01 Teres, Jose Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehenago aipaturiko kostaldeko zonek, itsasaldeko klimaren eraginez zenbaitetan mikroklima bereziak izaten dituzte. Horregatik uler daiteke Mediterranio inguruko landare tipikoak zona hauetan agertu ahal izatea.
Euskal Herrian artelatza, zona hauetan gune batzuetan agertzen da hegoaldeko maldetan, leku xerofiloak kolonizatuz.
Bestalde Europan, Mediterranio aldeko itsasertz eta Iberiar Penintsulako Hego eta Mendebaldera hedatzen da. Iparraldean, tarteka dago eta Frantzian Hego-Mendebaldera iristen da (Landetara). Afrikako Iparraldean nabarmen hedatzen da; Marokko, Algeria eta Tunisiara hain zuzen. Artelatzik gehiena Portugalen dago, eta basorik handiena Marokkon. Iberiar Penintsulan Kantauri ertzean oso leku bakanetan dago eta Euskal Herriari dagokionez, Iparraldeko zenbait populazioz gain (Baionan eta Miarritzen), Zarautz eta Getaria inguruko area murritz bat da bere bizigune garrantzitsuena. Gainerantzean, Bizkai aldean zuhaiztiren bat eta landaturiko ale bakarren bat besterik ez dago.
Geologia eta lurzoruari begira, artelatza siliziozko materialaren gainean kokatzen da bereziki, zuhaitz honen ezaugarri tipiko izanik.
Zarautz eta Getaria inguruan eozeno-paleozenoko materialak oso ugari dira (harearria bereziki) eta hauen gainean kokatzen da artelatza. Hala ere, nahiz siliziozalea izan zenbait zonatan lurzoru margatsuaren gainean ere agertzen da.
Artelatza artearen antz handikoa da, baina azalean erraz bereizten dira; artelatzaren azala harroa eta pitzatua bait da (kortxoa). Hogei bat metro edo gehiagoko zuhaitza izan daiteke. Bere hostoak berdeak eta distiratsuak ditu; txiki samarrak. Hostoak iraunkorrak dira eta zertxobait iletsuak azpikaldean. Arte-hostoen berdintsuak dira. Lore arrak txikiak dira, dilindariak; adaska edo adartxoen muturretan kokaturikoak. Emeak berriz, kandu edo pedunkulu motzekoak dira eta oso talde txikietan bildutakoak.
Artelatzaren fruitua ezkurra da, kolore marroia du eta arrautz formakoa (luzeska) da. Azala kortxozkoa du eta kolorez marroi argia da. Zenbait tokitan asko erabiltzen dute, berarekin kortxozko tapoiak egiten direlako. Ez dirudi Euskal Herrian kortxoa lortzeko erabili denik. Egurra berriz, marroi gorriska da; oso gogorra. Egur hau zurgintzan, gurdigintzan eta untzigintzan erabiltzen da. Baita ikatzetarako eta sutarako ere.
Artelatzaren eboluzio historikoa
Artelatzaren eboluzio historikoa aztertzea nahikoa zaila gertatzen da, materialik eza medio. Hala ere inguruko baserritarrek eta Zarauzko inguruko historiaz dauden liburuek zerbait adierazten dute.
Antzinako bidaiarien hitzetan, Zarauzko ingurua beste inguru asko bezala paradisu botaniko izan da eta aipagarri da artelatza egotea. Badira XVII. mendeko artelatzari buruzko aipamen batzuk idatzita: Zarauzko Santa Barbara inguruan 56 artelatz, Kajuategi baserri ondoan 350 ale, etab. Gainera baso hauek zaindu egiten ziren, nahiz eta zertarako erabiltzen ziren oraindik ere garbi jakin ez.
Zuhaitz honen izenari buruz aipamentxo bat egitea ere oso interesgarria gerta daiteke. Zarautz eta Getarian arkamurka edota arkamuka izenez ezagutzen da. Badirudi arkamurka hitza gaztelaniazko alcornoque hitzetik etor daitekeela, “alcornoque” hitza Zarautzen toponimian erabiltzen dela kontutan hartuz:
Alkornokal, lursail bat zen, Zarautzen zegoen eta bere erdarazko itzulpena lugar de alcornoques izango litzateke. Hitz hau jatorriz arabiarra dela jakin dugu.
Alkornokaldea hitza, otadi baten izena zen. Alcornoque -tik dator eta ezarritako atzizkiak ingurua esan nahi du (-alde). Aipamen hau interesgarria da. Ez dakigu zein urtetan erabiliko zen, baina otadi izan baino lehen alkornokal izango zen. Jakina denez, otea degradatutako basoetan sortzen da.
Alkornokegi hitza, sagasti baten izena da. Dudarik gabe teorizatzeko abiapuntu interesgarria. Sagasti baino lehen artelatz-basoa izatea ez dirudi zaila izango zenik.
Bestalde “alkornoke” hitza askotan entzuten da baserritarren artean. Itzulpen hutsa besterik ez da noski. Artelatz izen ofiziala baserritarrek ez dute erabiltzen.
Erabilpenari buruzko informaziorik ez dugu aurkitu, baina artelatzez osaturiko basoak zaintzen zirela konprobatuta dago, eta zerbaitetarako erabiliko zituzten. Kortxoa ez da landu, baina untzigintza zela eta agian bere zura erabiliko zuten. Sutarako egur-eskaera ere handia zen. Ez dirudi, nahiz fruitu-emale ona izan, abelazkuntzarako erabiltzen zenik.
Artelatzaren kontserbazioa
Artelatza arrisku bizian dago eta gelditzen zaizkigun azkeneko zuhaizti eta aleak kontserbatzeko, dagokionak neurri konkretu batzuk hartu beharko lituzke
.Neurri horietako batzuk hauek izan litezke:
- Artelatza botatzea debekatzea (zenbait baserritarrek sutarako erabiltzen bait du) eta kortxoa ebakitzea ere bai; gabonetako jaiotzak egiteko askotan erabiltzen bait da.
- Artelatzaren enborra, kortxoa ondo bereizten delarik.
- Pinuak botatzerakoan ekintza kaltegarriak galeraztea, zeren pinudi hauetan artelatz-kopuru handia aurkitzen bait da.
- Basotxo eta zuhaizti onenak babestea derrigorrezkoa litzateke.
- Eskoletan eta biztanlegoari oro har informazio didaktiko ekologikoaren bidez kontzientzia positiboa sortzea.
- Segimendu zehatza egitea, populazioa ondo mantenduz.
Artelatz arteko ibilbide ekologikoa:
Ibilbide honekin, Euskal Herrian agertzen diren artelatz gehienak ikusteko aukera izango dugu. Paisaia aldetik ezinhobea da eta oraindik ere antzinako zuhaizti batzuk erlikia modura kontserbatzen dira.
- Zarauzko Parroki ondotik abiatzen den Meaga-rako bidea hartu eta Zaharren Egoitza pasatu ondoren galtzadan gora igo “Vista Alegre”ko parkeraino. Bertan artelatzak ikusteko aukera izan arren, beste espezie asko ere agertzen da.
- “Vista Alegre”ko parkea igaro ondoren, Sta. Barbara-ko bidegurutzera iritsiko gara. Baselizara igo. Bertatik artelatzak eta paisaia ikusi.
- Garro baserritik pasatu. Puntuzko bidea hartzen bada, pinuak itotzen duen artelatza ikus daiteke. Zingira baserritik igaro ondoren, gorantz doan bidea hartu zuzen-zuzen.
- Bidetik ikusten diren artelatzez osaturiko zuhaiztiak ondo ikusi.
- Kontuz, bidegurutzea. Errepidea pasatu eta Garate gainera igo, berehala bidea eskuinera hartuz.
- Garate gainetik bide beretik bueltatu eta Meagatik datorren errepidea hartuz, eskuin aldera jaitsi Meagako baselizeraino. Bitartean artelatz ederrak ikusi.
- Kontuz! Meagako bidegurutzea. Zarautztik datorren errepidea zeharkatuz, Elkano aldera doan errepidea hartu.
- Alkorteaga baserrira iritsi baino lehen, errepidea utzi eta eskuinera jo. Puntuzko bidea hartzen bada, Elkano auzora iritsiko gara.
- Jaisteko bidetik abiatuz, Balentzi baserrira iritsiko gara. Bertan dagoen artea ikusi eta artelatzarekin konparatu. Bideari jarraituz Zarauzko Zalbide auzora iritsiko gara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia