}

Euskal ezagutza zientifikoaren alde

1994/01/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizaki euskalduna Pirinioetan isolatutako Cromagnon talde baten ondorio zuzena baino ez dela kontutan hartzen badugu, paleoantropologiako bixi preziatua dugula onartu behar da. Nola ikusten eta aztertzen zuen arraza hark naturarekin egunero gauzatzen zituen harremanak? Zein motatako sistema kosmologikoak sortu zituen bere jakintza biribiltzeko? Zein motatako teknologia eta zientzia sortu zituen? Nola atzematen zuen arraza hark kanpoko unibertsoa?

Gure Herriak inguruko beste Herriekiko dituen desberdintasunez erraz konturatzen gara, jakintsu eta ikerlari izan gabe ere. Gure ondare genetikotik aparte, desberdintasun kulturalak guztiz harrigarriak dira. Hizkuntza da horietako lehena, duen egitura bereziagatik eta inguruetako beste hizkuntzekin dituen erlazio faltagatik.

Baina desberdintasun horietatik aparte ezaugarri sakonagoez pare bat hitz azaldu nahi nizuke orain, irakurle. Nola atzeman ditu historian zehar gure Herriak espazioa, denbora, materia, forma, usainak, soinuak edota koloreak? Guzti hori ikerturik gabe daukagu, eta guzti horretan datza gizarte batek inguruetako Herriekiko duen funtsezko diferentzia, gero mundua guztiz desberdin interpretatzeko. Azterketa zientifiko eta filosofiko hori egin gabe daukagu, baina guztiz beharrezkoa dugu geure berezko nortasuna berriro ere berreskuratzeko.

Koloreen kasuan, adibidez, gizakiaren garunak 250 kolore-tonalitate desberdin antzeman ditzake, eta kolore horien arteko ia 5 milioi ñabardura ere bai. Kanpotik datorkigun informazio-kantitatea itzeletik gure garunak elementu batzuk baino ez ditu aukeratzen, gero prozesatzeko. Zein da elementu batzuk aukeratzeko eta beste batzuk alderatzeko metodoa? Dirudienez, lehenengo iragazkia baldintza genetikoetan dugu, bigarrena ingurugiroetako baldintzetan, hirugarrena baldintza historikoetan, eta azkena baldintza kulturaletan. Lau iragazki horiek mugatzen dute unibertsoari buruzko dugun irudia. Ez da, beraz, errealitate objektiborik existitzen; baizik eta kanpoko natura interpretatzeko era desberdinak. Hau bai dela ederra!!!

Koloreen espektroa, adibidez, ez dugu atzematen unibertsalki baliagarri den lege objektibo baten bitartez; kulturaren bitartez (hizkuntzaren bitartez) transmititutako lege baten bidez baizik. Inuitek (eskimalek) adibidez, guretzat zuri den kolorean 15 ñabardura desberdin bereizten dituzte, ñabardura horiek beren hizkuntzan isladatzen direlarik. Euskal Herrian, garai batean dirudienez, espektroa oinarrizko hiru koloretan banatzen genuen: gorri, hori, eta urdinean. Berdea, laranja eta morea beste kulturek kanpotik ekarritako koloreak izan dira; azkenean gure pertzepzioa guztiz moldatu dutenak eta lehen genuen oinarrizko egitura deusestatu dutenak. Koloreei buruz esandakoak, espazio, denbora, zenbaki eta bestelako kategoriei buruz berdin esan daitezke.

Gure kulturaren oinarrizko parametroak, orain dela gutxi arte (neurri batean) baserriko munduan gorde eta zaindu izan dira, hiriak guztiz kutsaturik zeuden bitartean. Baina gaur egun, telebista eta “mas medien” kolonizazioarekin, Cromagnon garaitik zetorkigun berezitasun kulturala baserrietan ere desagertzear dago. Gure kultura guztiz modernizatzen ari da eta, dudarik gabe, bizimodu desberdinetara egokitu beharko du. Baina egia da gure ondare kulturala, eta ondare horri dagokion munduari buruzko ikuskera berezia, zaindu behar dugula ere, gizakumearen eta gizartearen historiatik desagertu nahi ez badugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia