}

Euskal erakunde baten ekarpena LHCan

2010/02/28 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Badira hilabete batzukmunduko partikula-azeleragailu handiena, LHCa, alegia, lanean ari dela. Mundu osoko adituek parte hartu dute proiektu ikaragarri horretan, eta euskal erakunde batek, ESS-Bilbaok, ere bere ekarpena egingo du han. Izan ere, azeleragailu horren zenbait egitura berritu edo ordezkatuko ditu.
Genevan, Frantzia eta Suitza artean, lurperatuta dago LHC azeleragailu erraldoia.
CERN

Protoiak eta beste partikula batzuk azeleratzeko dagoen azeleragailu handiena eta ahaltsuena da LHCa; 27 kilometroko zirkunferentzia duen tunel batean dago, Geneva hiriaren azpian lurperatuta. Tunel horretan, beste azeleragailu ahaltsu bat zegoen, LEPa, baina duela urte batzuk bertan behera uztea eta desmuntatzea erabaki zuten fisikariek, berri bat egiteko, LHC azeleragailua, hain zuzen ere. Erabaki zaila izan zen. Zazpi urte eta erdi luze behar izan dituzte lehen zegoena ordezkatu eta berria martxan jartzeko. Ikerketarako denbora luzea da hori, baina pentsatzekoa da azeleragailu berriak merezi duela eten-tarte hori.

Azeleragailu-multzoa

Europak inoiz izan duen partikula azeleragailu indartsuena du, eta hasieran arazoak eman bazituen ere, dagoeneko martxan da.
CERN

LHC azeleragailua ez da azeleragailu bakar bat, baizik eta bost azeleragailu, bata bestearen atzean jarrita. Bestela, ezinezkoa izango litzateke sortu beharreko energia guztia tresna bakar batez sortzea, eta, horregatik, pausoka egiten dute.

Beraz, LHCan, lehendabizi, protoiak azeleragailu lineal batek azeleratuko ditu, eta 50MeV-eko energia hartuko dute. Gainerako azeleragailuetatik igaro ostean, azkenik, LHCaren azeleragailu nagusira sartuko dira, 7TeV-eko energia izatera iritsi arte (7 bilioi eV). Fisikariek elektronvoltetan (eV) ematen dute azeleragailuek sortzen duten energiaren datua. Elektroi bati volt bateko potentzialak ematen dion energia da elektronvolt bat.

Erantzun askoren bila

Higgs bosoia detektatzeko esperimentu baten simulazioa.
CERN

Helburua da energia handiko talkak eragitea partikulen artean. Talken emaitzak detektatu eta analizatuko dituzte fisikariek, jatorrizko partikulak ikertzeko. Eta hor dago azeleragailu zaharraren eta berriaren arteko alde nagusia; LEP zaharrak baino askoz energia handiagoa sortzeko ahalmena du LHCak. Talka horietan, besteak beste Higgs bosoiaren arrastoak aurkitu nahi dituzte. Oraingoz, inork ez du aurkitu Higgs bosoia. Era berean, inork ez daki Higgs bosoia existitzen den ala ez, ez baitute inoiz detektatu. Aurkitzen badute —hau da, partikula hori existitzen bada—, fisikariek masaren jatorria azaltzen duen teoria onartuena baieztatuko dute. Horretarako, energia oso handiko talkak eragin behar dituzte, eta hori da, hain zuzen ere, LHCaren helburu nagusia. Ez helburu bakarra, ordea. Izan ere, partikula bakar baten bilaketak ez du asetzen fisika modernoaren esperimentatzeko gogoa, partikula hori Higgs bosoia izanda ere. Horrez gain, fisikaren oinarrizko galderen erantzunak bilatu nahi dituzte.

Horretarako guztiarentzako, garrantzitsua da azeleragailua puntu-puntuan izatea. Horren ondorioz, nolabait zaharkituta dauden zenbait egitura ordezkatzea erabaki dute Genevako instalazioetako adituek. Egitura horien ordez, teknologia berriekin garatutako egiturak jarriko dituzte. Hain zuzen ere, teknologia horren hornikuntzaren ardura du ESS-Bilbaok, Ikerketa Nuklearrerako Europako Ikerketa Zentroarekin (CERN) adostutako hitzarmen bati esker.

Ahal duten guztia egingo dute, eta, ondoren, emaitzek zer ematen duten zain egon beharko dute fisikariek. Emaitza oparoak lortzea eta urteetan partikulen fisikaren ikerketan egon den hutsunea konpentsatzea espero dute adituek. Ikusminik ez zaio falta, behintzat.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia