}

Europarrak Ilargirako bidean

1997/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europako Espazio Agentziak (ESAk) 2000. urtean agian zunda bat bidaliko du Ilargira. Europak aspalditik ditu Ilargia konkistatzeko programak, baina finantzazio ezagatik horietako bat bera ere ez da gauzatu. Dena dela, estatubatuarren Clementine zundak Ilargiko hego poloan meteorito-kraterren hondoan ura dagoela detektatu duelako, joan den abenduaz gero Ilargirako bidaiez gero eta gehiago ari dira arduratzen.

Ilargiko izotzak NASA eta ESAren arreta erakarri du.

NASAk Ilargian basea muntatzeko proiektua berpiztu badu ere, Europako ESA agentziak agian aurrea hartuko dio. Marcello Coradini arduradunak dioenez, misio txiki baten bidez lehenbailehen Ilargiratu eta egon daitekeen izotza aztertuko litzateke. Ministroen bilerak ontzat ematen badu, proiektua 2000. urtean gauzatuko litzateke.

Programa zientifikotik kanpo eta finantza-baliabide txikiekin egin daiteke bidaia Lurretik Ilargira hain bide luzea ez dagoelako. 70.eko hamarkadan estatubatuarrek eta sobietarrek Ilargian egindako azterketen ondoren, europarrak izango lirateke ilargiratutako lehenak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia