Apirilaren 29an Europako Batasunak onartu zuen bi urtez hiru pestizida neonikotinoide erabiltzea debekatzea, erleak suntsiarazten ari direlakoan. Tony Borg osasun-komisarioak hitz hauek esan zituen erabaki horri lotuta: “Erleak funtsezkoak dira gure ekosistemetan eta babestu egin behar ditugu, besteak beste, 22.000 euroko ekarpena egiten dutelako urtero Europako nekazaritzan”.
Zehazki, klotianidina, imidacloprid eta tiametoxam dira debekatutako konposatuen izenak, eta arto-, koltza-, eguzkilore- eta soia-laboreei botatzen dizkiete, intsektuetatik babesteko. Erleengan, zehazki, nerbio-sistemako hartzaileei eragiten diete pestizidok, eta polena biltzeko, erlategira itzultzeko eta ugaltzeko zailtasunak izaten dituzte.
Debekua abenduaren 1ean jarriko dute indarrean. Ez da erabat galaraziko, dena den, produktu horiek erabiltzea. Adibidez, negutegien barruko laboreetan erabili ahal izango dira, bai eta kanpoko laboreetan ere, loraldia pasatutakoan.
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.