Europa Martitzerantz
1998/03/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ilargia eta Martitz ez dira jada zientzialarien hizpide soilik. Azken hilabeteotan ohiko berri bihurtu dira komunikabideetan. Martitzen Esploratzailea, Martitzen Lur-neurtzaile Globala eta Ilargi-prospektorea etxekotu egin zaizkigu, ondorioz.
Martitzen Esploratzaileak iazko irailaren 27an transmititu zituen azken aldiz datuak, baina ordurarte igorritako informazio-oldea prozesatzen baino ez dira zientzialariak hasi. 1.650 irudi eta hamaika bestelako datu altxor preziatua dira, etorkizunean Martitzi buruzko gure irudia osatu eta birmoldatuko dutenak.
Martitzen Lur-neurtzaile Globala uste baino beranduago hasiko da lanean. Izan ere, untziaren eguzki-paneletako batean izandako egitura-arazoak aerobalaztatze-maniobra astiroago egitera behartu ditu NASAko teknikariak. Beraz, urtebete geroago hasiko da Martitzen gainazala kartografiatzen. Bien bitartean, Martitzen Lur-neurtzaile Globala ez da lozorroan egongo eta zundaren tresneria zientifikoa lanean arituko da Martitzi buruzko datuak biltzen.
Europak ez du atzean gelditu nahi Martitzen esplorazioan. Errusiarrek gidatutako Martitz 96 misioaren porrota muturreko ederra izan zen Europako zientzialari planetarioentzat, Martitzi buruzko lehen eskuko datuak ihes egiten baitzieten. Hutsune hori betetzeko asmoz ESA, Europako Espazio Agentzia, Martitz Espres izeneko misioa aztertzen ari da, 2003ko maiatzean edo ekainean abiatuko litzatekeena.
Jakina, misioaren egitura definitu gabe dago oraindik eta ESAk bertan joango liratekeen esperimentuak mugatzeko deialdia zabaldu du Europako zientzialari planetarioen artean. Hala ere, egungo ikuspegitik, Martitz Espres misioa orbitatzaile batez eta bat eta hiru bitarteko lurreratze-moduluz osatuko da.
Misioak helburu handiak ditu. Martitzen historia geologikoa osatzeko datuak bildu nahi dira, ur-edukiaren historia egiteko eta paleoklimak definitu ahal izateko. Gainera, planetaren goi-azala, kilometro bateko sakoneran, aztertu nahi da, ura eta izotza bilatzeko besteak beste. Halaber, planetaren barne-egitura ere ikertu egin nahi da. Egun, oso datu gutxi daude Martitzen litosfera, mantu eta guneari buruz eta baita beren arteko erlazioari buruz ere. Martitzen posizioa planeta eta gorputz lurtarren multzoan ere aztergai izango da.
Bestetik, atmosfera martiztarra eta gainazalaren konposizio mineralogikoa eta geokimikoa estudiatzea helburu nagusien artean dago.
Martitz Espres zunda Soiuz motako jaurtitzaile baten bidez espazioratuko da eta, ondorioz, 1.100 kg-ko karga jarri ahal izango da Martitzeko bidean. 200 egunen buruan planeta gorrira ailegatuko da.
Martitz Espres misioaren azterketa 1997ko ekainean hasi zen, beraz misioaren definizioa hasi baino ez da egin. 1997ko abenduan “aukera-deialdia” egin zen zientzialari planetarioen artean, 1998ko otsailaren 24an itxi zena. Maiatzaren bukaerarako orbitatzailearen eta lurreratze-moduluen zientzi karga, tresneria alegia, definituko da. Azkenik, aurtengo azaroaren amaieran ESAk abiatzen denentz deliberatuko du.
Europarrok ere Martitz gertuago izango dugu, antza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia