}

Europa idorra

2000/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aspaldiko garai batean, orduan zuen klima tropikalari esker, koniferoen baso erraldoiak izan ziren Europako lurren jaun eta jabe. Baina duela 250 milioi urte, Permiarreko suntsipen masiboan, erabat desagertu ziren eta ez ziren 5 milioi urte beranduago arte berriz agertu. Eta hori da paleontologoak harritzen dituena, hain denbora-tarte luzean desagertuta egon izana.

Permiarreko suntsipenak orduko espezieen % 95 suntsitu zuen baina suntsipenaren zergatiak argitzeke daude oraindik, nahiz eta paleontologoek badakiten zerbaitek ekosistema ehunka mila urtetan desorekatu zuela. Berotegi-efektua zela medio ziurrenik, itsasoen mailak behera egin zuen eta tenperaturak, berriz, gora. Sumendi-leherketa erraldoiek 2 milioi kilometro kubiko laba jaurtiki zituzten. Labak Siberiako zati handia estali zuen eta, beharbada, zenbait espezieen suntsipenaren erantzulea izan zen.

Permiarreko suntsipena dinosauruak desagertu zirenekoa baino handiagoa izan zen eta landareek askoz denbora gehiago behar izan zuten berriz agertzeko.
Permiarreko suntsipenean esporadun landareak nagusitu ziren eta, ondoren, milioika urtez likopodoak izan ziren Europako flora nagusia. Likopodoa goroldioaren taldeko landarea da: hostoak dituen adarrik gabeko enborra dauka eta esporaz betetako konoa gailurrean. Hasieran 10 edo 20 cm-ko altuera zuten, baina 2 m izatera ere iritsi ziren. Espora bidez ugaltzen diren landareen antzera, ingurune hezea behar dute ugaltzeko eta paleontologoek ibaien edo ur-lasterren ertzetan bizi zirela ondorioztatu dute.

Koniferoak Europan berriz agertu zirenean, baso epel eta lehorren berrosatzeak milioi erdi bat urte behar izan zituen. Askotxo, kontuan izanik azken glaziazioaren ondoren milurteko gutxi batzuetan berragertu zirela Europa iparraldeko basoak. Landareek substantzia toxikoren baten kontra, sumendietako sufredun gasen kontra esaterako, borroka egin behar izan zutela uste dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia