Europa Estatu Batuen orbitatik libre
2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako Batasuneko garraio-ministroek baietza eman diote Galileo satelite bidezko nabigazio-sistemari. Galileo 23.626 km-ko orbitan eta ekuatorearekiko 56º-ko angeluan munduari biraka ibiliko diren 30 satelitez osatuta dago.
30 satelite horietatik 27 operazionalak izango dira eta beste 3 erreserban edukiko dituzte. Lehen satelitea 2004an bidaliko dute, baina nabigazio-sistema 2008tik aurrera izango da erabilgarria. Europan sateliteen funtzionamendua eta nabigazio-sistema kontrolatuko dituzten bi kontrol-zentro ere egongo dira.
Proiektua aurrera eramateko 3,2-3,4 miliar euro beharko direla kalkulatu da eta Europako Batasunak eta Europako Espazio Agentziak (ESA) erdibana finantzatuko dute.
Aplikazioak askotarikoak izango dira, baina GPS estatubatuarra edo Glonass errusiarra bezala, gehienbat era guztietako garraioetan izango da erabilgarria.
Orain arteko satelite bidezko nabigazio-sistemekin alderatuz gero, bi diferentzia nagusi nabarmentzen dira. Alde batetik, askoz kokapen zehatzagoa emango du eta, bestetik, aurrekoak ez bezala, proiektu zibila izango da. Ondorioz, ez dago balizko erasoek baldintzatuta, eta eguneko 24 orduetan etenik gabe erabili ahal izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia