Eurobarometroa: hazi egin dira klima-aldakerekiko kezka eta neurriak hartzeko premia
2025/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europarren kezka klima-aldaketarekiko hazi egin da, Eurobarometroaren azken inkestaren arabera. Hain zuzen, parte-hartzaileen % 85ak uste du arrisku global larria dela, eta duela bi urte % 77koa zen hori uste zutenen ehunekoa.
Europar Batasunaren klima-politikaren aldeko jarrera sendotzat jo du Eurobarometroak, % 81ek babestu baitu 2050erako klima-neutraltasunaren helburua. 2023ko inkestan 2030erako helburuez galdetu zutenez, zailagoa da alderaketak egitea, baina orduan ere neurriak hartzearen alde agertu ziren; adibidez, energia-trantsizioa azkartzearen aldeko jarrera erakutsi zuten. Kontuan izan behar da Errusia eta Ukrainiaren arteko gerra berriagoa zela, eta ziurgabetasun handiagoa zegoela erregai-horniduraren gainean.
Nolanahi ere, orain egindako galdeketan, herritarrek ekintza klimatikoa, beharrezkotzat ez ezik, onuragarritzat ere jotzen dute, bai ekonomikoki, bai sozialki. Hiru laurdenek baino gehiagok uste du (% 77) klima-aldaketak eragindako kalteen kostuak handiagoak direla klimatikoki neutroa den ekonomia baterako trantsizioaren kostua baino, eta % 88k babesten du inbertsio handiagoa egitea berriztagarrietan eta energia-eraginkortasunean. Horrekin batera, badirudi ziurgabetasunak jarraitzen duela: %75ek uste du erregai fosilen inportazioak murrizteak segurtasun energetikoa hobetuko duela eta EBri ekonomikoki mesede egingo diola.
Bestalde, gero eta gehiago dira ingurumenarekin eta klimarekin lotutako arriskuen eraginpean sentitzen direla adierazten duten europarrak; bereziki, Europa hegoaldean, Polonian eta Hungarian. Neurriak hartzea noren ardura den galdetuta, herritarrei iruditzen zaie gobernu nazionalak (% 66), EBk (% 59), eta enpresek eta industriek (% 58) dutela ardura hori. Soilik % 28k uste dute norbanakoek gaitasun handiagoa dutela gaiari eraginkortasunez heltzeko. Eta gehienek (% 67 k) uste dut bere herrialdeko gobernua ez dela nahikoa egiten ari.
Ekintza klimatikoaren aldeko adostasuna zabala da: % 85ek uste du lehentasuna izan behar duela osasun publikoa hobetzeko, eta % 83k dio klima-aldaketara egokitzeak eguneroko bizitza hobetuko duela.
Aipatzekoa da % 84 ados dagoela klima-aldaketa giza jardueraren ondorio dela. Hala ere, % 52k uste du komunikabide tradizionalek ez dutela informazio argirik ematen, eta % 49k adierazi du zaila dela sare sozialetan eduki fidagarriak identifikatzea.
