}

Euroari alergia!

2001/09/05 Elhuyar Zientzia

Euroarekin batera haren inguruan sortu berri den auzia iritsi zaigu. Austriako hainbat dermatologok aditzera eman dutenez, txanpon berriak alergia sor diezaieke herritarrei, ukipen-dermatitisa sortzeko adina nikel baitute bere konposaketan.

Populazioaren % 10ek dio alergia nikelari. Horren ondorioz, azala lehortu eta narritatu egiten da eta hazkurea sortzen da. Baina, horretarako, txanponarekin denbora luzez egon behar da kontaktuan. Nikela txanponak egiteko erabiltzearen arazoa ez da berria, aspalditik herrialde askotan erabili izan baitira nikel aleazioak balio altuko txanponak egiteko, iruzur egin ez dadin. Gainera, Europako Batasunaren txosten teknikoak dioenez, txanponek alergiaren proba gainditu dute eta hipoalergenikoak gertatu dira. Baina azkeneko ikerketen arabera, euroak ohikoa baino nikel-kopuru handiagoa dauka.

Gobernua gezurretan dabilela aipatu du Londresko St John´s Dermatology Institut-eko Richar Rycroft-ek. Bere hitzetan, ez dauka zentzurik hipoalergenikoak direla esateak ikerketek kontrakoa eman badute aditzera, eta dendariek eta autobus-gidariek arazoak izan ditzakete, eta baita txanponak poltsikoan eramateko ohitura dutenek ere, hanketan ekzemak sortaraz baititzake.

Suediar zientzialariek txanpon guztiak nikelik gabe egiteko eskaera egin badute ere, Europako Banku Zentralak elementu hori soilik balio altueneko txanponetan erabiltzeko erabakia hartu du. 1 eta 50 zentimo bitarteko txanponek ez dute nikelik izango, baina bai euro bateko eta biko txanponek.

Beraz, kontu non eramaten dituzuen txanponak hemendik aurrera! Edo, ahal duenak behintzat, soilik billeteak erabil ditzala!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia