Euriteek El Niño iragartzeko balio dezakete
2001/01/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Momentu hauetan ez dago ez El Niño eta ez La Niña-rik, ezta berriz noiz hasiko diren zehatz iragartzekomodurik ere. Bi fenomeno klimatikoak izenez behintzat aski ezagunak dira, baina ikuspuntu zientifikotik begiratuta, asko falta da oraindik haiek erabat ulertzeko. Eta noiz gertatuko diren iragartzea ere ez da erraza.
NASA Goddard Space Flight Zentroak eta Maryland-eko Unibertsitateak Indiako Ozeanoan azken 21 urteetan gertatutako euriteak ikertu dituzte El Niño iragartzeko modua bilatu nahian. Egunez egun eta hilez hil egindako euriari buruzko datuak (bolumena, intentsitatea...) jaso, konparatu eta El Niño fenomenoaren agerpenarekin lotzea lortu dute. Jasotako informazioaz baliatuz, urtetik urterako klima aldaketak identifikatu eta definitzeko erabilgarria den indizea osatu dute eta, horren bidez, El Niño oso bortitzak iragartzeko aukera egongo delakoan daude.
Gaitzetsitako faktorea
El Niño bezalako fenomenoak iragartzeko ohiko tresnak atmosferako haize-lasterrak eta itsasoko uraren tenperatura dira. Horiek nola aldatzen diren ikusita ondorioztatzen dute adituek El Niño hasiko den ala ez. Euria eta euriteen aldaketak bigarren mailako faktoretzat hartu dira orain arte, eta ez dira iragarpenak egiteko erabili. Maryland-eko Unibertsitateko Scott Curtis-en ustez, behar baino garrantzi gutxiago eman zaio euriari. Izan ere, "El Niñok ekartzen dituen prezipitazio aldaketak oso garrantzizkoak dira atmosferan beroa nola banatzen den jakiteko eta, azken finean, beroaren banaketa da atmosferako haize-lasterren zirkulazioa gidatzen duena eta mundu osoko kliman eragiten duena" adierazi du.
Badirudi ikerketaren emaitzek Curtis-en hitzak berresten dituztela. 1982-83 eta 1997-98 urteetan gertatu ziren El Niño bortitzetan euriteen patroia gainontzeko faktoreak baino bi hilabete lehenago hasi baitzen aldatzen, itsasoaren tenperatura eta haize-lasterrak baino lehen. Hortaz, euriteak zelatatuz, El Niño gogorrenak orain baino lehenago iragarri ahal izango dira. Bestalde, euren prozedurak El Niño bortitzentzat soilik balio duela azpimarratu dute ikertzaileek, El Niño ahula denean edo La Niña gertatzen denean, Indiako Ozeanoko euriteen patroia ez delako aurrez aldatzen.
Egunkarian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia