}

Euriteak epe laburrera aurreikusteko eredu estatistiko bat probatu dute Bilbon

2010/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euriteak epe laburrera aurreikusteko eredu estatistiko bat probatu dute Bilbon
2010/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: © iStockphoto.com/TIRC 83)

Euriteak 3 eta 24 ordu arteko tartearekin eta eremu mugatu batean (10 x 15 km) aurreikusteko eredu estatistiko berritzailea probatu du Alejandro Fernández fisikariak (Barakaldo, 1968), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarean.

Horrelako sareek ekaitz-tangak dituzte, euritea dagoenean biltegi-lanak egiteko eta uholdeak saihesteko. Baina aldez aurretik aurreikusi behar da euria datorrela, batez beste sei ordu behar direlako sistema martxan jartzeko. Horri lotuta aurkeztu du doktore-tesia Fernándezek EHUn.

Eredua downscaling edo eskala-murrizketa izeneko teknikan oinarrituta dago. Mundu osoan edo Europan aurreikuspenak egiteko balio duten datuak jasotzen dituzten hainbat metodo konbinatu ditu ikertzaileak: datu atmosferiko historikoen berranalisia, datuak denbora errealean biltzeko eta simulazioak egiteko balio duten metodo dinamikoak, estatistikak, etab. Horien eskala txikitu du gero, eta Bilboren neurrira egokitu. Lur-radarrak eta sateliteak erabiltzen dituzten zenbait eredu sofistikatu bezain fidagarria da, fisikariak proben bitartez egiaztatu duenez.

1983an Bilbo astindu zuten euriteen modukoak zer maiztasunekin gertatzen diren ere kalkulatu du ikertzaileak. Orain arte uste zen halako eurite handiak 500 urtean behin gerta zitezkeela asko jota, baina, Fernándezek ondorioztatu duenez, batez beste 250 urtean behin izan daitezke.

1
265
2010
6
011
Klimatologia; Fisika
Albisteak
16

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia