Euriaren portaera tanta batean
2009/08/23 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Hodeietatik lurrerako bidean, euri-tantek banaketa jakin bat hartzen dute, eta hainbat tamainatako tantak izaten dira. Zientzialariak aspalditik dabiltza jakin nahian zer gertatzen den tanta batzuk handiagoak eta besteak txikiagoak izateko.
Susmoa zuten tanten artean talkak gertatzen direla, eta horrek eragiten duela tanta batzuk elkartzea eta tanta potoloagoak sortzea, beste batzuk txiki-txiki gelditzea eta abar. Fluidoen dinamika aztertzen diharduten Frantziako ikertzaileek, ordea, ez zuten uste tanten artean elkarrekintza asko gertatzen direnik euria ari duenean, eta, hortaz, tanta bakarra aztertzea erabaki zuten, zer gertatzen zitzaion ikusteko.
Txorrota batetik tantak banaka erortzen utzi, eta erorketa abiadura handiko kamera batekin grabatu zuten. Grabatutakoa aztertutakoan, ikusi zuten abiadura handiagoa hartu ahala tanten forma aldatu egiten dela: lehenik, krepeen itxura hartzen dute, hau da, zapal-zapal jartzen dira, ondoren lapiko edo poltsa baten itxura, ipurdia goian dutela, eta, azkenik, lehertu, eta hainbat tantatxotan banatzen dira.
Tantek abiadura hartu ahala aireak gero eta erresistentzia handiagoa eragiten dielako gertatzen da hori. Une jakin batetik aurrera, airearen erresistentzia ur-tanta lodien barruko kohesio-indarra baino handiagoa da, eta tanta lodiak hautsi egiten dira.
Haustura horretatik ateratako tantatxoak hainbat tamainatakoak dira, eta, ikertzaileen arabera, euria ari duenean lurrera erortzen diren tanten ezaugarri berak dituzte. Beraz, tanta bakarrean behatutako portaera orokortzeko modukoa dela iruditu zaie, eta, hortaz, tanten arteko talkak eta elkarrekintzak alde batera utzi dituzte euriaren portaera azaltzeko.
Kondizioak aldatuta
Inork esandako hori errepikatu nahiko balu, eta sukaldeko txorrotara joango balitz tantak banaka erortzen uztera, tantetan portaera hori ikusteko asmoz, ez luke esperotako emaitza lortuko.
Izan ere, egoera normalean, tantek hamar bat metroko distantzia egin behar dute aipatutako itxuraldaketa eta haustura gertatzeko. Distantzia hori egin arte ez dute nahikoa abiadura hartzen, eta airearen erresistentzia ez da ur-tantaren barruko lotura-indarrak hausteko bezain handia.
Txorrotatik behera erortzen utzita aztertu dute zientzialariek tanten portaera. (JR Guillaumin) .
Normalean, etxebizitzek ez dute hain altuera handia, eta izango balute ere, nekez izango lukete txorrota bat lurretik hamar metrora. Bada, Frantziako ikertzaileen laborategian ere ez dute horrelako azpiegiturarik sortu esperimentua egiteko. Beste modu batera konpondu dute airearen erresistentziaren arazoa: artifizialki handitu dute, tanta erortzen ari zen eremuan goranzko aire-zorrotada bat jarrita, tantek jasaten duten erresistentzia simulatzeko.
Egia esan, bitxia da jakitea zer ikerketa-motatan ibiltzen diren zientzialariak munduan barrena. Euri-zaparrada batek harrapatzen duenean, inor gutxi hasiko da pentsatzen ea zergatik den buruan jo dion tanta besoan jo diona baino handiagoa, eta sorbaldan jo diona baino txikiagoa... fisikarientzat, ordea, oso garrantzitsua da oinarrizko ezagutza izatea, eta eguneroko bizitzan gertatzen diren fenomenoak ulertzea ezagutza hori handitzeko modu bat da.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia