Euri-uraren hiri-jarioak ekosistemetan sortzen duen kalteaz ohartarazi du Citypoll proiektuak

2025/08/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

euri-uraren-hiri-jarioak-ekosistemetan-sortzen-due
Arg. Citypoll

Hirietan euria egiten duenean, euri-ura poluitzaileekin kutsatzen da; haren bidez, arrisku handia dago poluitzaileak ekosistema urtarretara iristeko. Citypoll proiektuan, hirietan kutsatutako euri-ur horiek biodibertsitatean eta ekosistemen funtzionamenduan duten inpaktua aztertu dute ikertzaileek, Euskal Herriko Unibertsitatearen, ICRA Uraren Ikerketarako Institutu Katalanaren eta Bartzelonako Unibertsitatearen gidaritzapean. Halaber, klima-larrialdiak izan dezakeen eragina ere ikertu dute.

Hala, kutsatzaile-zerrenda luze bat identifikatu dute, eta, jakinarazi dutenez, kontzentrazio altuenak metal astunenak eta pneumatikoen higaduratik eratorritako konposatuenak izan dira. Horrez gain, frogatu dute ur horien jarioak eragin zuzena duela organismo urtarretan. Hain zuzen, hazkundea, ugalketa eta bizi-funtzioak kaltetzen ditu, eta, beraz, ondorioak izan ditzake drainatze-urekin konektatutako ur gezako ekosistemen funtzionamenduan. Nolanahi ere, ikusi dute alde nabarmenak daudela hiri bereko guneen artean, baita euriteen artean ere. Horrek zaildu egiten du hiri-jarioaren detekzioa eta azterketa.

Bestalde, ingurumenean sortutako inpaktua arintzeko iragazki berdeen eraginkortasuna frogatu dute. Halaber, ikusi dute pneumatikoen higadurarekin lotutako konposatu bat, difenil guanidina, adierazle kimiko aproposa dela.

Hori guztia kontuan hartuta, ohartarazi dute, euri-uren eta hondakin-uren bilketa-sareak guztiz bereiztea ideia ona den arren, euri-urarekin ere iristen direla kutsatzaileak ekosistemetara. Haien esanean, naturan oinarritutako soluzioen bitartez tratatu beharko lirateke hiri-jarioak.

Bukatzeko, klima-aldaketa dela eta, euri-jasa gutxiago baina gogorragoak izatea espero dira. Ikertzaileen ustez, horrek hiri-jarioaren kutsaduraren inpaktua larriagotu dezake ekosistema urtarretan. Hori dela eta, hiri-sistemak egokitzeko beharra gogorarazi dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia